Joxe Lizarralde (016. alea)
Oraingo honetan Joxe Lizarralderen nondik-norakoak ezagutzeko parada izan dugu.
Gaur egun, Agirre baserriko zumarragar gazte hau lorezaintza munduan dabil eta benetan esparru honetan gustura ari dela aitortu digu.
Joxe, lan desberdinetan aritu ondoren, soldaduskatik bueltatzean baso berritzaile gisa ihardun zuen eta honek landareak ezagutzeko bidea ireki zion.
Zenbait ikastaro burutu ostean eta bere kabuz ikasitakoari esker, lorazain hasi zen lanean. Nork ez du Joxe ikusi noizbait gure herriko lorategiak zaintzen?
Nahiz eta bere garaian ikasle amorratua ez izan, irakasle gisa ez da makala eta hiru hilabetez bere ardurapean eduki du gazte talde bat, talde hau ikastaroaren amaieran Urretxuko udalarentzat lanean hasi delarik.
Joxe, oporretan ere landareetatik gertu egotea gustukoa duenez, orain gutxi Holandara eginiko bidai batean hangoen eta hemengoen arteko desberdintasunak ikusten saiatu da. Gure aurrean oso aurreratuak daudela onartzen du eta hemen gauza txukunak egin arren, mantentzearen jarraikortasuna bertan behera geratzen dela dio.
Azaldu digunez, arazo latzena jendeak landareekiko agertzen duen errespetu faltan datza. Halere, landareetatik aparte, Joxek baditu beste hainbat afizio ere, hala nola, mendian ibiltzea, baserria, kirola, eta nola ez, lagunekin euskal giro jatorrean juerga on bat egitea inoiz ez dago gaizki!
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide