Badator danbor hotsa (017. alea)
Urteak dira Anparo danborradaren munduan sartu zela, gustukoa duela onartu arren, buruhausteak ere eman dizkio. Gai honetan aditua denez berarengana hurbildu gara danborradaren inguruko xehetasunak jakiteko asmoz.
Aurtengo festetan zein eratara parte hartuko duzu?
Aurreko urteetan bezalaxe, Umearen Eguna eta handi eta txikien danborradaren antolaketan parte hartuko dut. “La Salle-ko ikasle ohiak” taldeko kide bezala antolaketaz arduratzen gara; nahiz eta hasiera batean kide asko antolaketaz arduratu, gaur egungo egoera bestelakoa da.
Noiz hasi zinen parte hartzen?
Uff!! Jadanik ez dut gogoratzen baina hamalau hamabost bat urte izango dira.
Zer da gehien erakartzen zaituena urtez urte jo eta ke aritzeko?
Urtero azken urtea izango dela pentsatzen dut baina momentua iristean hor izaten naiz. Honen arrazoia umeak asko gustatzen zaizkidala da batik bat eta beraiek duten ilusioa lan honetan jardutera bultzatzen naute.
Zuk zeuk parte hartu izan al duzu noizbait danborradan?
Ez, ez dut inoiz parte hartu, gainera ni urretxuarra naiz.
Zertan datza Umearen Eguna?
Umearen Eguna eguerdiko hamabietan hasten da Udaletxean egiten den botere aldaketarekin. Hau da, aurrez aukeraturiko alkate edo alkatesa batek, urtero ikastetxe desberdinekoa dena, agindu makila jasotzen du benetako alkatearen eskutik. Jarraian, joko desberdinak antolatzen dira eta bazkal ostean lauretan elkartzen dira danborradari hasiera emateko. Danborradan, ikastetxearen arabera taldeka irteten dira eta oraindik danborra jotzeko adina ez dutenek (9 urte baino gutxiagokoak) desfilea egiten dute.
Eta, Handien Danborrada?
Egituraketa elkarteen arabera egiten da, parte hartu nahi duenak hauetariko batean izena eman eta kitto. Beno, aipatu behar da bertan parte hartzeko gutxienez 17 urte izan behar direla.
Danborrada antolatzeko diru-laguntzarik jasotzen al duzue?
Udala arduratzen da danborradaren aurrekontuaz; jantzien eta, danborren konponketa… dena gure aurrekontuan jasotzen dugu eta udalak ahal duen neurrian gastu hauei aurre egiten die.
Entsaioei dagokienez, zailtasunak izaten al dituzue umeei irakasteko?
Ez, urtero abesti berak dira eta aise ikasten dute. Okerrena, bai handi eta baila txikiekin ere, abesti berriak ikastea izaten da, jendea ez da oso konstantea entsaioetara etortzeko garaian eta honek abesti berriak ikasteko aukera ekiditen du.
Azken urteko danborradak eta beste hainbat ekintza ikusirik, jendearen parte hartzea eskasa dela esan daiteke. Zein mezu luzatuko zenioke jendeari?
Batez ere, festetan parte hartzera anima daitezela, gure gustuko festak izateko ezinbestekoa da norberaren parte hartzea. Bestalde, oso garrantzitsua ikusten dut umeak motibatzea bai etxean eta baila ikastetxean ere.
Beno, eta horrenbeste lan egin ondoren, primerako danborrada irten dadila opa dizuegu eta, nola ez, festa ezin hobeak igaro ditzazuela. AUPA SANTAIXABELAK!!!!
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide