Txistulariak koadrila eguna berpiztu nahian (017. alea)
Aurten, bigarren urtea jarraian, Zumarragako txistulariak izango dira koadrila egunaren antolatzaileak. Duela 4-5 urte bazkari honen inguruko parte hartzaileen kopuru eta giroaren beherakada sumatu zen. Txistulariak, egoera kezkagarri honetaz ohartu eta gazte guztientzako koadrila eguna antolatzeari ekin zioten udalaren laguntzarekin.
Lan handia suposatzen al du koadrilen eguna antolatzeak?
Guk uste baino lan handiagoa. Dena den, lana guztion artean banatu dugu eta gustura egiten dugunez ez da horrenbestekoa.
Zein ekintza antolatu duzue egun berezi honetarako?
Lehenengo koadrilak elkartuko gara Zelai Arizti zuhaiztian.Koadrila bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du. Bakoitzak bere mahaia jarri ondoren Urteaga anaiek alaituriko poteoa egingo dugu. Hasiera batean goitibehera lehiaketa antolatzeko asmoa bagenuen ere, bertan behera geratu da. Bazkal ondoren hainbat ekintza prestatu ditugu: Euskal karaokea, bertsolariak, txistulariak, trikitilariak eta joko “kañeroak”.
Ze ezberdintasun dago aurtengo koadrila egunaren eta iazkoaren artean?
Iaz, azkeneko momentuan antolatu genuen dena. Ekintza gutxi prestatu genuen. Aurten, berriz, denbora gehiago izan dugunez, egun mundiala irtetea da gure helburua.
Zer nolako erantzuna espero duzue jendearen aldetik?
Kontutan hartu behar da duela hiru-lau urte jende gutxi eta giro kaxkarra egon zela. Iaz, ordea, parte hartze eta giro hobea izan zen eta aurten, hobea espero dugu.
Zer oztopo eta laguntza izan duzue antolaketa lanetan?
Oztopoen artean jendearen parte hartze eza. Oso erraza da jaietan girorik sortzen ez dela esatea. Gure ustez, kritika hauek alde batera utzi behar dira eta guztion artean guztiontzat jai-giro euskaldun era martxosoa lortu behar da. Hala ere, iazko urtean baina jende gehiago inguratu da bileretara. Arlo honetan kultur taldeak azpimarratu nahi genituzke. Laguntzei dagokienez, udalaren diru-laguntza eskertzekoa da, aurreko urtean baino diru gehiago eman baitu.
Zer behar du jendeak animatzeko?
Antolakuntza ona eta festa giroa sortzen duten ekintzak. Jendeak nahi duena, dena eskura ematea da.Bestalde, animazio puntu hori lortzeko, ekintzek, euren gustuekin bat etorri behar dute.
Zer gomendatuko zeniekete bazkarira joango diren koadrilei?
Aurreko gauean parranda gutxi egiteko eta ahotsa zaindu dezatela, izango da eta zer kantatu. Jokoetarako, ondo prestatu daitezela sorpresatxoren bat edo beste edukiko dute eta.
Nahiz eta egun horretan lan egitea tokatu zaizuen, parrandarako gogoa izango da ezta?
Noski baietz!! Zumarragarrak garenez eta harro gaudenez, ospatu beharra dugu. Beti dugu parranda egiteko gogoa eta nola ez dugu egingo gure herriko jaiak badira?
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide