Ziriako, plazarik plaza herri kirolen azalpenak emanez (017. alea)
Herri kirolen jarraitzaile sutsua da. Hauek ikusten disfrutatzeaz gain, erretransmititu ere egiten ditu. 17 urte daramatza mundu honetan eta 68 urte bete dituen arreo, bere afizioarekin jarraitzeko asmoa du oraindik ere. 14 urtetan etorri da Zumarragara bertako herri kirolen saioa animatu eta bertan gertatutakoaren berri ematera eta datorren hilaren 1ean ere, bertan izango da Ziriako Ortiz de Zarate eibartarra.
Zenbat urte daramatzazu Zumarragara herri kirolak erretransmititzera etortzen?
14 urtetan etorri naiz Zumarragara Santa Isabel jaietara, bertako idi proba eta herri kirolak erretransmititzera. Hala ere, aurretik ezagutzen nuen herria, Santa Lutzi ferian izanda nengoelako eta sarritan, Urretxura ere etorria nintzen. Pilota partiduren bat ikustera. Oso gustura etorri izan naiz beti Zumarragara, estimatzen dudan herria da.
Herri kirolen munduan aski ezaguna zara, nola hasi zinen lan honetan?
Frankismo garaian Arrate Irratia itxita egon ondoren, Bernardok, irratiko zuzendariak, duela 17 urte irratia berriro zabaldu zuenean, laguntzeko eskatu zidan. Denbora libre asko ez nuen arren, lagunduko niola agindu nion. Debako idi probak izan ziren irrati bidez erretransmititu nituen lehenengoak.
Harrezkero zenbat herriko plazatan izan zara?
Harrezkero Euskal Herriko proba-toki gehienak ezagutu ditut. Euskal Herritik kanpo ere egona naiz herri kirolak zirela eta. Tenerifen ere izan nintzen hemengo kirolariekin erakusketak eskaintzen. Hala ere, zerbait aipatzekotan toki guztietan oso jende ona aurkitu dudala esango nuke. Jende asko ezagutu izan dut eta txarrak uste baino gutxiago izan dira.
Zein da gustukoen duzun kirola?
Herri kiroletan idi probak ditut gustukoen, aizkora eta harri jasotzea ere gustatzen zaizkit. Gainontzean, pilota gustatzen zait gehien. Oso pilotazalea naiz, Eibar, Bergara, Zarautz, Gasteiz eta Logroñoko pilotalekuetara joateko ohitura izan dut. Pilotaren ondoren txirrindularitza dut gogoko.
Herri kirolen mundua asko aldatu al da urte hauetan?
Bai, ikaragarri aldatu da. Lehengo kirolariak onak ziren baina oraingoek prestakuntza hobea egiten dute. Orain lehen ez bezala, gimnasioan aritzen dira, masaiak hartzen dituzte eta elikadura ere asko zaintzen dute. Ziantza eta Ostolazaren markak izan ezik gainontzeko marka guztiak hautsi dituzte oraingo kirolariek. Prestakuntzak asko lagundu die horretan.
Zein da egun herri kirolen egoera?
Momentu onean dagoela esango nuke. Aizkolarien eta harri-jasotzaileen jaialdiak herri gehientsuenetako festetan izaten dira. Gainera, trontzan, aizkoran, harria jasotzen eta txinga eramaten sekulako ikuskizuna eskaintzen duten taldeak ere ugaltzen ari dira. Ikusleentzat erakargarria izaten da hau.
Zein da Zumarragako egoera herri kirolei dagokionez?
Idi probetan Urretxu eta Zumarraga oso ondo ikusten ditut. Zaila da herri batean etxe desberdinetako lau idi bikote aritzea idi probetan. Esango nuke hau Euskal Herri guztian hementxe bakarrik gertatzen dela. Badira 20 idi pare baino gehiago dituzten herriak, baina ukuilu batekoak dira, etxe batekoak. Hemen lau etxetakoak dira, txalogarria da hau.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide