Arriskuaren mugak (018. alea)
“Oporretan eta izerdi patsetan? Bai zera!” Hau pentsatuko du batek baino gehiagok. Baina oporrak jendez betetako hondartza batean etzanda gaudela ondoko bikotearen eztabaida entzutea eta aurreko patxarosoaren oinak sudurpean edukitzea baino zerbait gehiago badira. Alternatibak ugari dira eta honako hau aukeratuz gero izerditan egongo gara bai, baina, a ze eta izerditzeko!
Puenting, rafting, trekking… edozer egiten duzula ere, -ing atzizkia itsatsi eta heroi bihurtuta itzuliko zara. Hori bai, argazkiak atera, froga objetiboak alegia. Besterik ez bada zubi batera igo eta soka batzuk ipini (ahal den era dezenteenean sinesgarria izan dadin) susto aurpegia jarri eta “k1ik”. Gero zubitik zeure burua bota edo ez bota zure esku dago.
Abentura, azkenaldian modan jarri den opor mota da eta Afrikan safari bat egiteko dirurik ez edota Akonkaguara igotzeko indarrik ez dugun bitartean honako aukerak ez daude gaizki. Bela, parapente, eskalada, puenting, rafting, kainoien jaitsiera… ez dira txantxetako gauzak baina segurtasuna oinarritzat hartzen dela ziurtatuz gero emozioz beteriko
esperientziak dira. Beldurra, ezinegona, irrika… dena nahasten da eta emaitza bizipen bikaina da. Horrelakoei muzin egiten dienak badauka trekking egitea, mountain biken ibiltzea edo zaldiz hor zehar ibiltzea.
Aukerak ugariak dira, bidai agentziek, hainbat mendi edo kirol elkartek eta beste zenbait taldek antolatzen dituzte horrelakoak. Bidaia, asegurua, monitorea, materiala eta egonaldia sartu ohi dira prezioaren barnean. Ez dira beste edozein opor mota baino garestiagoak. Gainera Diputazioak laguntza oso inportanteak eskaintzen ditu, 29 urtera arteko gazteentzat aukera merke eta kalitatezkoen bidez. Esate baterako Gaztemaniak programaren barnean erdi prezioan egin daitezke bidaiak. Ez dira Diputazioak antolatutako bidaiak, bere laguntzarekin horretara dedikatzen diren hainbat elkarte edo arduradunek eratutakoak baizik, beraz arduradunaren abilezia da funtsezkoa.
Inguruan Ibarrako zubia, Hernani eta Eginoko haitzak eta beste hainbeste aukera badagoela badakite kirol hauen zaleek, baina oporretan kanpora irteteko aukera (ez beharra) dago eta ez da ez hain zaila ezta garestia ere.
Dena den, siesting zaleak argi ibili, programako beste aktibitateek ekintza “arriskutsu” hori egiteko denborarik ez baitute uzten. Eta normalean bertan behera utzi ohi da siestinga.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide