Telebista kamerei zien ikara gainditzeko asmoz erabaki zuen TXISKOLAra lehiakide moduan joatea. Ordura arte apenas txisterik kontatu gabekoa zen, bere ustez sekula ez baitu prestatu gabeko txisteak kontatzeko graziarik izan. Oraindik ere ez omen du bat-batekoan ikasi baina prestatutakoetan ez da ez nolanahikoa, artista hutsa dela ederki asko frogatu digu.
TXISKOLAko arduradunek, umore kontuan Euskal Herriko adituenetarikoak direnak ere aintzakotzat hartu dute Patxiren grazia eta txisteak kontatzeko era eta azarora arte gutxienez, hiru programatik behin TXISKOLAn gidoilari eta artista lanetan arituko da zumarragarra. Bera da interpretatzen dituen sketchen gidoilaria eta ez du batere lan erraza. Izan ere, umore kontuan ia guztia asmatuta dagoen garaian ikuslegoaren arreta eta barre algara sortaraztea ez da lan samurra, ez horixe!
Kamerei zien beldurra gainditu eta kamera aurrean disfrutatzen hasita badago ere ikuslegoaren aurrean urduri azaltzen da beti, ofizio honetan sekulan ez baita jakiten norberak prestatutakoa ikuslegoaren gustukoa izango den ala ez.
Herritarrak eta familia omen dira bere lanaren kalitatea neurtzeko termometrorik onenak. Telebistan ondo arituz gero kalean bi pauso jarraian eman ezinean izaten da. Etxean entzun behar izan ditu kritikarik gogorrenak, lan txukuna egin eta hala ere, beti sekulakoak entzun beharrean izaten da. Etxean oso ondo aritu dela entzutea, gaizki aritu denaren seinalerik nabarmenena izaten da. Umorista lana gustukoa du, oso pozgarria omen da jendea algara batean jartzea, jesukristoren mesedea egiten zaio horrela. Norberak ere poz handia hartzen du jendeak berarekin oso ondo pasatu duela esaten dionean. Udaltzain lanetan multaren bat serio serio isunen bat jartzen sumatzen dugunean gogorazi beharko diogu berak esandakoa.
Patxik behin eta berriz esan digu berak ez duela umorerako berezko graziarik, ez duela txisteak kontatzeko balio, guztiok gure inguruan umore kontuan befa baino askoz ere hobeak diren asko ditugula. Berak duen dohain bakarra balio duen apurra erakusteko prest egotea omen da, lotsarik ez izatea omen da kontua, eta zoritxarrez euskaldunok garrantzia handiegia ematen omen diogu geure buruari. Bera baino hobeak asko izango diren arren, bera aukeratu dute TXISKOLAn aritzeko. Zergatik ote da, lotsagabea izateagatik soilik?
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide