Gurutze Gorria negoziazioetan (022. alea)
Jose Antonio Garcia, Gipuzkoako Gurutze Gorriko behin behineko lehendakaria
Gipuzkoako Gurutze Gorriko lehendakari izendatu berri zaituzte beste bi lagunekin batera.
Bai, hala da. Orain arteko lehendakariak, Mikel Baguesek, dimisioa eskatu du. Urtarrilaren 31n. Gurutze Gorriak, Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin sinatuta zituen hiru hitzarmen oso garrantzitsu bukatu ziren. Hitzarmen hauen negoziazioekin jarraitu ahal izateko beste bi lagunekin batera, Gipuzkoako Gurutze Gorriko lehendakari kargua hartu dut martxora arte. Hauxe baita arazoak konpontzeko jarri dugun epea.
Zergatik eskatu du dimisioa orain arteko lehendakariak?
Bolondres talde batek bere kontra prentsan behin eta berriz egindako kritikek beregan sortutako presioarengatik. Diru kontuetan gehiegizko defizita izan dela salatu eta Baguesek dirua lapurtu duela ere aditzera eman zuten. Baguesek berak, auditoria bat kontratatu zuen arazoa ikertzeko eta emaitzen arabera Gipuzkoako Gurutze Gorriaren defizita 52 milioi pezetakoa izan da. salatzaileek ziotena baino dezente baxuagoa. Baguesek inongo iruzurrik egin ez duela ere argitu da. Bestalde Gipuzkoan dauden Gurutze Gorriko 18 asanbladetako 16 lehendakari bere alde egon gara beti. Bi lehendakari bakarrik azaldu dira Baguesen aurka, hau adierazgarria da.
Zeintzuk dira martxoa bitartean konpondu nahi dituzuen arazoak?
Garrantzi handiko hiru zerbitzu dira. Batetik, RSTU izenekoa, premiazko garraioa. anbulantzia zerbitzua hain zuzen ere. Bestetik SAU delakoa, gaisoen etxeetara medikuek egiten duten bisita zerbitzua. Azkenik. medikuen zerbitzua eskaintzen dituzten anbulantzien gaia dago eztabaidagai.
Zein da zerbitzu hauen arazoa?
RSTUri dagokionez, esan, 1992an DYAk eta Gurutze Gorriak genuela anbulantzia zerbitzua Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutakoa. 93. urtean Eusko Jaurlaritzak ez zion DYAri kontratua berritu eta gurekin 1996. urteko bukaera arte jarraitu zuen lanean. Eusko Jaurlaritzak zerbitzuen ordainean 5 urtean behin anbulantzia bat ematen dio Gurutze Gorriko asanblada bakoitzari eta aurretik emandako anbulantzia bakoitzeko bi milioi pezeta. Hala ere, Gurutze Gorria anbulantziak erostera derrigortuta dago, Eusko Jaurlaritzak emandakoa matxuratzen denerako. Anbulantzien mantenu gastua eta pertsonal gastua asanblada bakoitzaren ardurapean dagoenez dirua galtzen da.
Orain arte dirua galdu baduzue, zergatik jarraitzen duzue lan honekin?
Zerbitzu hau Eusko Jaurlaritza sortu aurretik eskaintzen genuen. 1997rako erabaki politikoak direla eta DYA eta beste 3 enpresa pribatu lan honetan jarri nahi dituzte. Eusko Jaurlaritzak enpresa pribatuei ordaintzeko adina diru badu, Gurutze Gorriari ordaintzeko dirua ere baduela uste dugu. Hau da, ez gaude enpresa pribatuen mesederako dirua galtzeko prest. Zerbitzu profesionala aldarrikatzen dugu eta hori Gurutze Gorriak ere eskaini dezakeela uste dugu.
Eskubideak galtzeko prest al zaudete negoziaketa hauetan?
SAU, medikuek etxeetara egiten duten bisita zerbitzua da. Osakidetzako medikuek egunean 24 eta 30 mila pezeta bitartean irabazten badute ere, Gurutze Gorriko medikuek 8.000 pezeta irabazten dute. 1997an astegunetan 11.000 eta asteburutan 19.000 pezeta ordaintzeko negoziaketan ari gara. Gure medikuek onartu dute. Modu honetan, 113 milioi pezetatik, 137 milioi pezetara pasatuko litzateke medikuei ordaintzeko Gurutze Gorriak jaso beharreko diru kopurua. Neurri honekin gure medikuek eskubideak galduko dituztela onartzen dugu.
Zein da arazoa, mediku zerbitzua eskaintzen duten anbulantziekin?
Gurutze Gorriak modu honetako bi anbulantzia ditu eta Eusko Jaurlaritzak urtean 32 milioi pezeta ordaintzen dio. 5 urte daramazkigu zerbitzu honekin eta diru asko galdu dugu. Aurten Osakidetzak modu honetako anbulantzia bat erosi du eta Eusko Jaurlaritzak 108 milioi pezeta eman dio. Guk 47 milioi behar ditugu modu honetako anbulantzia zerbitzuaren gastu guztiak ordaintzeko eta beraz, guri diru hori ematea Osakidetzari ematen dion dirutza ematea baino merkeagoa da.
Negoziaketek izango al dute eraginik hemengo Gurutze Gorrian?
Bai, Urretxuko postua egunean 16 orduz bakarrik egongo litzateke zabalik. Egunez irekita eta gauez beti itxita egon beharko luke. Gaueko zerbitzua, Azkoitia edo Beasaingoek emango lukete. Azkoitiko postuak 24 ordutan zabalik egoteko baimena jaso du eta Beasainen oraindik erabakitzeko dago enpresa pribatua hasiko den lanean. Urretxuko postua 24 orduz zabalik dago, postua erabat ixtearekin mehatxatu dugulako.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide