Uharte Arakilen tren istripua (023. alea)
Berpizkunde astelehenean Uharte Arakilen gertatutako tren istripuak, eragin handia izan du Urretxu eta Zumarragan. Zehazki esaterik ez badugu ere, badirudi hamabost herritar inguru zetozela trenbidetik irten zen trenean. Oso une latzak bizi izan zituzten bidaiariek eta baita hauen senitartekoek ere. Bizitzari buruz zer pentsatua ematen duen gertakizuna izan dela diote behin eta berriz egoera hori bizi izandako guztiek.
RENFEren esanetan, giza akats baten ondorioz gertatutako istripua izan zen. Guztira 18 hildako izan ziren eta zaurituak ere asko izan ziren. Hauetako gehientsuenak psikologoen laguntza beharrean izan dira oporretatik bueltan zetozela gertatutakoa ahazteko.
Guk aipamen berezia egin nahi diogu istripuan bizia galdu zuen eta herrian hain ezaguna zen Igor Elgarresta Gonzalez gazteari. Zaurituei dagokienez, berriz, Jose de La Poza zumarragarra eta Ana Maria Flandes urretxuarra dira oraindik ere eritetxean jarraitzen duten herritarrak. Gainontzekoak etxean daude dagoeneko. Hauei eta Harkaitz Ortiz Agirre legazpiarrari lehenbailehen osa daitezen opa diegu.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide