Zumarragarrak nagusi Urola Garaiko derbyan (023. alea)
Aurtengo herri arteko pilota txapelketako lehen kanporaketak aparteko ikusmina piztu zuen gure herriotako pilotazaleen artean. Izan ere, patuak behartuta, bi herrien artean jokatu behar izan zen bigarren kanporaketarako txartela. Kanporaketaren gatza eta piperra ez zen kantxan egon, zumarragarren nagusitasunak atentzioa harmailetara bideratu baitzuen. Bi frontoietan jendetza polita bildu zen pilotariak animatu eta ahal zen neurrian bizilaguna zirikatzeko.
Kadete mailan Gisasola/Lasa-Ormazabal aritu ziren Urretxuarren partetik eta Zabalo-Intsausti zumarragarrenetik. Ederrenan burututako lehia kanporaketa guztiko borrokatuena izan zen eta zumarragarrek ondo kostata lortu zuten garaipena tanto baten aldearekin (18-17) lortuz. Bueltakoan Intxaustiren kemena erabakitzailea izan zen. (18-6)
Gazte mailan Gabirondo-Calvo zumarragarrek nahiko erraz gainditu zituzten Murua-Pastrian bi partidetan. Neurketa honetan Gabirondoren sakea erabakiorra izan zen baina aipagarria da urretxuar aurrelariaren bizitasuna. Emaitzak (22-9) eta (22-13).
Senior mailan inon baino nabarmenagoa izan zen bi taldeen arteko aldea. Zumarragarren partetik aritu ziren Urretabizkaia anaiek eta Erostarbek aise gainditu zituzten Gago eta Serrano. Urretxuar bikotea, zumarragarren jostailu bihurtu ziren. Kanporaketako bitxikeria Aitor Gagoren keinuak, oihuak eta bestelakoak izan ziren, urretxuarren txaloak eta zumarragarren txistuak sortu zutenak.
Hilaren 4an Zumarragak 2 eta 1 irabazi zuen Bergararen aurka, lerro hauetatik zumarragarrei hurrengo kanporaketetan zortea opatu eta urretxuarrei pilota eskolarekin emaitzak iritsiko direla eta lanean jarrai dezatela esatea nahiko genuke.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide