William A. Christian Jr. arkeologo kanadiar ospetsuak, l2 urtetan Ezkioko Ama Birjinaren agerraldiari buruz ikertzen aritu ondoren, Las visiones de Ezkioga La Republica Española y el Reino de Cristo liburuaren aurkezpena egin zuen maiatzaren 9an Ezkion eta l0ean Zumarragan.
1931. urteko ekainaren 29an Ezkioko bi neska- mutilei agertu zitzaien Ama Birjina lehen aldiz. Geroztik, ikusle ugari izan zen Ezkion, hilabeteetan gauero izan baitziren agerraldiak. Ezkioko Ama Birjinaren agerraldiaren berria berehala zabaldu zen Euskal Herrira eta estatu espainiarrera. Inguruko herrietatik, Euskal Herriko probintzia guztietatik, Katalunia eta Gaztelatik milioi bat pertsona inguru gerturatu zen Ezkiora oinez, kotxez eta autobusez.
1980 hamarkadan, Medjugorjen Ama Birjina agertu zen arte, Ezkio izan zen agerraldiak eman zireneko munduko tokirik bisitatuena.
William Christian, l982. urtean hasi zen agerraldia ikertzen, liburuan, Ama Birjina ikusi eta berarekin hitz egin zuten ikusleen bizipenak eta fede handiz ikusle hauek ikustera joaten ziren sinesleen testigantzak jaso ditu. Honetaz gain, garaiko egoera politikoa eta egoerak agerraldian izan zuen eragina, egoera erlijiosoa eta orduko apaizek egin zuten lana, eta herritarren sinesmena isladatzen da. Agerraldiak sortarazi zituen egoerak, ilusioak, ikusmina, jakinmina batetik eta, errepublika eta Francoren errepresioak eta Gasteizko gotzaitegiak sortutako beldurrak, lotsak, debekuak… bestetik. Guztia jaso bezala kontatzen du autoreak liburuan.
William Christian, eskerrik asko!
Harrigarria eta txapela kentzekoa, bai William Christian estatubatuarraj egindako lan mardula, oraindik orain gazteleraz Ariel argitaletxeak kaleratua: Las visiones de Ezkioga, La Republica Española y el Reino de Cristo. Nabarmentzekoak dira, lan honen sakontasuna eta zehaztasuna. Sakon aritu da Christian gertaerak aztertzen, artxibo eta liburutegiak miatzen, han eta hemen, amaigabeko inurri lanean. Eta bestetik ehundaka gizon emakumerekin hizketan aritu da, haien lekukotasunak bere argibide, eta hortik-hara sortu zaizkio milaka bidezidor lanari jarraitzeko. Hemen eta atzerrian. Ondo baino hobeto ezagutu ditu gure bazterrak, gure aurrekoak, gure sinesmen eta izaerak. Eta emaitza: liburu eder hau, galdutzat emandako hainbat argazkiz hornitua. Ez duzue ikusiko, ez, oraindik bizirik dagoen ikusleren baten izenik edo irudirik. Christianek zor dien errespetuaren adibide. Eta William Christiani berari buruz, zer esan? Lan-eredu bikaina eman digula, eta areago: gizatasun eta apaltasun erakusgai ahaztezina. Eta geuk, irakurleok, XXI. mendearen atarian liburu hau irakurririk, jakin dezagun nondik gatozen, nora goazen jakingo badugu. Azkenik, ohartxo bat: Liburu honen mamia euskaraz jasotzeko zoriona izango al dugu?
Iñaki Bastarrika eta Jabier Otermin
Ezkioko agerpena ikertzen ibilitakoak