Herritar asko izan da Eitzako jaietan (024. alea)
Eitzako festak ez dira auzokoentzako jaiak bakarrik, urretxuar eta zumarragar ugari inguratzen da sanisidrotan Eitzara.
Gure artean oso errotuta dauden jaiak baitira hauek. Aurten maiatzaren 15etik 18ra ospatu dira bertako festak nahiz eta maiatzaren 10ean, mus txapelketa izan den. Denetik izan da bertan, haurrak, gazteak, helduak, jubilatuak… guztiak izan dituzte kontuan antolatzaileek egitaraua prestatzerako orduan. Ekintzez beteriko asteburua izan da. San Isidro eguneko meza, auzotarrentzat antolatutako pertzakada txilindrona, XVII. toka txapelketa, X. kross herrikoia, plater tiroketa, eskupilota partiduak, Trintxerpeko Ilunbe txistu taldearen emanaldia, herri kirolak, Nafarroako jotak, musika taldeak gauero, Aldapa txaranga kalean gora eta kalean behera, Zaldua Anaia trikitilariak gau eta egun, Zuhaitzaren Soinua taldeko txalapartariak, Irrintzi dantza taldea, Zumarragako musika banda, Eitzako astialdiko taldeak antolatutako jolasak, buruhandiak, jubilatuentzat hamarretakoa, Izazpi elkarteak antolatutako txokolatada… asteburua primeran pasatzeko aukera ugari.
Balorazioa egiteko garaian festa onak, eta partaidetza handikoak izan omen dira aurtengoak, auzotarrak izan dira gehienbat antolatutako ekintzetan parte hartu dutenak eta gainontzeko herritarren bisita ere gustukoa izan dute eitzatarrek.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide