Amador laburmetraia grabatu dute Urretxu eta Zumarragan
Angel Merinok eta Pepe Requejok betidanik izan dute oso gustukoa zine eta bideo mundua. Idatzizko istorioak irudietara pasatzeko gogoak elkartu zituen bi herritarrak eta bion artean laburmetraia bat egiteko erabakia hartu zuten.
Erabakia hartu ondoren, Angelek, Amador izeneko istorioa idatzi zuen. Zinera moldatu ahal izateko gidoia egin ondoren, Pepek eta biok testua irudietara pasatzeko planifikazioa egin zuten, plano bakoitza irudikatzen hasi ziren, aurreprodukzioa antolatu zuten.
Baina irudietara pasatutako historiaren antzezpena eta grabazioa martxan jartzeko talde tekniko bat behar zuten bi zuzendariek. Hemen hasi ziren hain ugariak izan diren telefono deiak. Angel, Sarobe, Urnietako zine eskolako bere lagunekin jarri zen harremanetan eta beraiekin lan egingo zuten kamarak, argazki zuzendariak… lortu zituen. Guztiak laguntzeko prest zeuden, ideia gorpuzten ari zen.
Urretxuko Kultur Etxeko teknikariak ere orain hasi ziren jo ta ke lanean. Andoainen zine eta bideo ikasketak egindako herritarren zerrenda eman zien zuzendariei. Zerrenda honetatik, kamara laguntzaileak, argiztatzaileak, elektrizitate lanetan ibiliko zirenak, lortu zituzten, denak herritarrak.
Angel eta Peperen nahia, kalitatezko laburmetraia egitea izan da hasieratik eta aktore nagusiak, profesionalak izan zitezen nahi zuten. Berriro ere, Kultur Etxekoen bidez, Juanlu Escudero aktore zumarragarrarekin jarri ziren harremanetan. Ideia asko gustatu zitzaion honi eta Geroa antzerki taldean berarekin lan egiten duen Rosa Martinez durangarra ekarri zuen lanera.
Talde teknikoa eta protagonista nagusiak zituzten, baina nork egingo zituen bigarren mailako antzezpen lanak, nortzuk izango ziren aktore extrak?
Juanluk antzerki tailerreko bere ikasleak jarri zituen lanean. Antzerki eta zinema munduarekin zer ikusirik ez zuten herritarrak ere taldean sartu ziren zuzendariek hala eskatuta.
3,2.1…Grabatzen!
Taldea osatuta zegoen. Grabatzen hastea falta zen bakarrik. Iritsi da ordua. 7 egunetarako kontratatu ziren kamarak, monitoreak, argiak, mikrofonoak… beraz, astebete zuten grabazioarekin hasi eta bukatzeko. Goizeko zazpiak eta erdietan zuten zita egunero eta gaueko 11etan etxeratzen ziren, inoiz ordu txikitan ere oheratu dira, goizeko hirurak ere jo baitielako grabazio lanetan.
Ordu asko, lan handia baina batez ere, taldekideek zuten lan egiteko gogoa eta
beraien arteko giro ezin hobea izan dira zazpi egun hauetako protagonistak. Guztiek xoxik kobratu gabe egin dute lana, musutruk eta zuzendariek benetan eskertzen dute hauen jarrera.
Laburmetraiak 200.000 pezetako aurrekontua izan du, materialen alokairua ordaindu behar izan delako.to. Urretxuko Kultura Batzordeak %50 finantziatu du, 100.000 pezetako laguntza eman du.
Muntaketa lana
Orain bigarren fasean daude. Grabatutakoaren muntaketa egiten. Bukatu da traste guztiekin kalean gora eta kalean behera ibiltzea. Ez dago toma gehiago errepikatu beharrik, hori ere bukatu da! Pista bat lasaitu dira guztiak, baina oraindik ere lan handia gelditzen zaie laburmetraia bukatu arte. Amaitutakoan, noiz izango den ez dakite, Amador ikusgai izango da Urretxuko Pagoeta Antzokian, eta beharbada grabazioan egindako 400 argazkiekin eta erabilitako materialarekin erakusketaren bat ere antolatuko dute.
Angel Merino eta Pepe Requejok izan duten taldea goraipatu dute behin eta berriz “ikaragarrizko taldea osatu dugu, eta sekulako giroa izan da guztion artean 7 egunetan. Guztion artean izan dugun harremana ezin hobea izan da, oso gustura gaude. Taldeko partaide gehienak oso gazteak dira, batez beste 25 urte inguruko jendea aritu da bertan, eta lan handia eta maila onekoa egin dute”. Angel Merinok lehenago ere, honelako proiektuetan parte hartutakoa da eta berak esan digu, “aurretik izan ditudan modu honetako esperientzietan ez dut inoiz taldekideen artean honelako giro ona ezagutu”.
Bukatzeko bi zuzendariek, taldekide guztiei horrenbeste lan musutruk egiteagatik eskerrak emateaz gain, komertzioetan doan grabatzen utzi dien herritarrei eta antzezlan lanetan aritu diren herritar guztiei eskerrak ematen dizkiete. Guk lanean jarri ditugu, ea muntaketa lanak lehenbailehen bukatzen dituzten eta laster laburmetraia ikusteko aukera dugun!.
Fitxa teknikoa
- Zuzendaria: Angel Merino eta Pepe Requejo
- Argazki zuzendaria: Gorka Salmeron
- Kamera: David Tudela
- Kamera laguntzailea: Diego Vidania
- Script: Conchi Diez
- Argiztatze laguntzailea: Raquel Toquero eta Irene Arranz
- Mikrofonista: Jon Tirapu
- Makilatzailea: Ainhoa Izagirre
- Ileapaintzailea: Juan Cruz Fernandez
- Mimoren jantziak: Mikel Arranz
- Dekoratzailea: Marisa Iturbe
- Elektrizitate lanetan: Igor Urrestarazu
- Aktoreak:
- Aktore nagusiak:
- Amador: Juan Luis Escudero
- Leire: Rosa Martinez
- Bigarren mailako aktoreak:
- Kamarera: Ainhoa Izagirre
- I. lapurra: Oscar Cadiemo
- II. lapurra: Cheiki Amar Bovalem
- Amador umetan: Jon Cadiemo
- Amadorren ama: Josefina Pereira
- Neska txikia: Olaia Bilbao
- Ama: Garbiñe Askasibar
- Hiltzailea: Miguel Zufiria
- I. Emakume aberatsa: Encami Azkarate
- II. Emakume aberatsa: Pili Arrizabalaga
- Irakaslea: Gorka Mendia
- I. neska: Estitxu Gomez
- II. neska: Estitxu Zaldua
- Udaltzaina: Joaquin Gil