Herritarrak, bertako ohiturak Alemanian erakutsiz (026. alea)
Abuztuaren 23tik 31ra hamaika laguneko urretxuar gazte talde bat, Urretxurekin anaiturik dagoen Schwarzenbruck herri alemaniarrean izan zen, bertan ospatu zen Gazte Topaketan parte hartuaz.
Topaketa hauetan, urretxuarrez gain, herri honekin anaitutako beste bi lurraldeetako ordezkariak ere han izan ziren; Gufidaun eta Kecelekoak hain zuzen ere. Lehenak subtirolesak dira eta bigarrenak hungariarrak. Handik bueltan, beraien esperientzi eta pasadizoak kontatu dizkigute.
Iaz ere bazuten alemaniarrek topaketa burutzeko asmoa baina arazo ezberdinak zirela eta aurtengo uda arte atzeratu zen proiektua.Gonbitea urtarrilean iritsi zen kultur etxera eta ongi pentsatu ondoren baiezkoa erantzun zuten. Hemengo udalak estantzia eta hainbat gastu ordaindu arren gazteek euren poltsikotik ordaindu behar izan dute bidaia. Egonaldia alberge batean egin dute hungariarrekin batera. Parrandarako tarterik aurkitu duten arren, ekintza ugari izan dituzte hamar egunetan zehar.
Kultura ezberdinak ezagutuz
Herrialde bakoitzak egitarauan egun bat zuen bere ohitura eta kulturaren berri emateko.Urretxuarren egitarauko lehen ekintza euskara ikastarotxo bat izan zen, oinarrizko hitz batzuk irakatsi zizkieten gainontzeko gazteei. Aurreskua dantzatu ondoren diapositiba emanaldi bat eskaini zieten, bertan Urretxu eta Donostiako paisaiak ikus zitezkeen. Iazko jaietako bideoa ikusi aurretik hamaiketako dotore batez gozatzeko parada izan zen. Txorizoa, salda, sagardoa eta ardoa ez ziren falta izan, nahiz eta ardoa zahatotik edateko orduan makina bat komeri izan, ez zen gehiegirik sobratu. Hala ere, txorizoa izan zen arrakastarik handiena izan zuena. Bazkariko menua ere ez zen edonolakoa izan: Ganba- nahaskia, bakailao- nahaskia, patata tortila, zainzuriak, txistorra, bakailaoa eta postre moduan gazta.Hau guztia txakolin eta patxaranaz lagundua. Bazkal ostean patxaranak sortutako giroaz herri kanta batzuk abestu zituzten denen artean. Hungariarrek euskaraz abesteko sekulako dohaina erakutsi zuten. Eguna amaitzeko graffiti bat egin zuten oroigarri gisa.
Harrera bikaina
Euren arteko giroaz gain iritsi eta berehala izandako harrera azpimarratu nahi izan dute. Antolakuntza aldetik ez dute inolako akatsik ikusi.Gainera herrikide baten bisita izan zuten, bertan bizi den Alfonso Cuestarena alegia. Bestalde hainbat komunikabidek topaketaren jarraipena egin zuten, egunkari batek gainera euskal jakien aipamen berezia egin zuen.
Anekdota ugari
Pasadizo guztiak kontatzeak luze joko lukeenez bi azpimarratu ditugu: Tirolekoen ohitura bat zelakoan jolasteko makila batekin bazkaldu zuen behin urretxuar batek. Gazta eta gainontzekoak jateko hamaika arazo izan zituen baina makilaz jan zituen denak mesprezurik ez egitearren.
Beste behin, behar zuena baino luzeago jo zuen festa batetik bueltan, zeukaten giroa ikusita urtebetze festa pribatu batera gonbidatu zituzten. Urteak betetzen zituenari “zorionak zuri” abestu eta dantza ugari egin ondoren abiatu ziren etxerantz.
Hala ere ez da dena festa izan Europar Batasunari buruzko hitzaldiak jaso eta Munich eta Nurenberg ezagutu zituzten. Nekatuta etorri dira baina berriro ere esperientzia errepikatzeko prest daude. Baliteke, 2000. urtean Hungarian beste topaketa bat burutzea.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide