Langabetuentzat ikastaroak antolatu ditu Lanbide Eskolak (026. alea)
Jose Luis Lozano, Urola Garaiko Lanbide Eskolako heziketa ez arautuko arduraduna da. Langabetuak lanerako prestatzea eta hauei enpresetan lana aurkitzen laguntzea da bere lanaren helburua. Ikastaroan zehar eta hauek bukatu ondoren ere, ikasleen egoeraren jarraipena egiten duenez, eta enpresa handi eta txikiekin harremanak dituenez, ikastaroetan parte hartzen duten ikasleak enplegatzen saiatzen da.
Zein ikastaro antolatu dira?
Langabetuei zuzendutako iraupen luzeko bi ikastaro antolatu ditugu. Fabrikazio Mekanikoa, 500 ordukoa eta Mantenimiento en linea delakoa 420 ordukoa. Urriaren 20an hasi eta martxoaren 30a arte luzatuko dira bi ikastaroak eta klaseak egunero emango dira. Ikastaroak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak eta Europako Ekonomi Elkartek diruz lagundutakoak dira.
Irailaren 23tik urriaren 10era bitartera luzatuko da matrikula epea, eta Lanbide Eskolan bertan edota 943725477 telefonora deituz egin ahal izango da.
Zein baldintza bete behar dira ikastaroan parte hartu ahal izateko?
Langabezian egotea da bete beharreko derrigorrezko baldintza. Taldeak osatzerakoan, ikasle guztiek klaseak behar bezala aprobetxatu ahal izateko ahalik eta talde homogeneoenak osatzen saiatuko gara. Fabrikazio mekanikoko ikastaroa egiteko gutxienik eskola agiria eta gehienera BBB, UBI edo FPII bitarteko ikasketa maila izan beharko dute langabetuek. Mantenimiento en linea delakoan, gutxienik, FP1 eskatzen da, eta gehienera ikasketa ertainak burutuak izatea. Ingeniaritza ikasitako langabetuak ere onartuko dira.
Zein da ikastaroen helburua?
Helburu nagusia langabetuei lana aurkitzea da. Horretarako klase teorikoez gain, enpresetan beste 420 ordu inguruko praktikak egingo dituzte bi ikastaro hauetako ikasleek. Modu honetan lantegietako benetako lana ezagutu eta lanerako prestatuko dira.
Zein irtenbide eskaintzen dute ikastaroek?
Iazko esperientzia ikusita, ikastaro hauek irtenbide baikorra eskaintzen dutela esan daiteke. Helburu nagusia ikasleak lanean hastea da. Ikasle gehienak praktikak bukatu ondoren, praktikaldia egin zuten enpresan lan kontratuarekin jarraitu dute lanean. Gainera, egindako praktikei esker, zenbait ikaslek lana lortu ahal izan dute. .
Dena den ikastaro gehiago ere antolatzen dituzue?
UGGASArekin batera, langileentzat ikastaro motzak antolatzeko asmoa dugu. Honetaz gain, ikastaro irekiak ere antolatuko ditugu. Hauek jendeak eskatutakoak dira, egoki irudituz gero eta taldeak betetzen badira antolatuko ditugu hauek.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide