Aldizkari historikoa Zumarragan (027. alea)
Antonio Pradak, Geografia eta Historian doktorea denak zuzendu eta koordinatutako Zumarragako “Informazio historikoaren Aldizkaria”ren lehen alea Zumarragako etxeetara banatu da. Argitalpena hilabetekaria edo bihilabetekaria izango da eta Udaleko Kultura Batzordearen babesa izango du.
Ale bakoitzean Zumarragako historiari buruzko gai bakarra jorratuko da, eta banatu den lehen alea Miguel Lopez de Legazpiri dago eskainia. Bere ohorez Zumarragako plazan jarritako estatuaren mendeurrena urriaren bian bete dela eta bere heriotzaren 425. urteurrena abuztuaren 20an bete zela aprobetxatuz, aukeratu du Antonio Pradak gaia. Ale honetan Miguel Lopez de Legazpiri buruz dagoen bibliografiaren laburpena baino gehiago irakur daiteke. Gaiari buruz aurretik idatzitako beste egile batzuk aztertu ez dituzten zenbait artxibo arakatu ditu, dokumentu berezi ugari begiratu ditu, Miguel Lopez de Legazpiri buruzko datu berriak lortuz, gainera aurreko egileek egindako zenbait akats ere zuzendu dira.
Aldizkari historikoaren hurrengo aleek Zumarragako artxibo historikoa izango dute iturri nagusi.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide