Euskara urratsez urrats ikasten (027. alea)
Matrikulazioa ona izan da bi euskaltegietan
Duela urte batzuetatik hona euskararen erabilpena areagotu egin da Urretxun eta Zumarragan, batez ere gazteen artean, baina oraindik herriak erabat euskalduntzeko asko falta da. Lan horretan dihardute urte mordoska batean bi herrietako euskaltegiak, Udal Euskaltegia eta AEK Bisasti Euskaltegia.
Hizkuntza berri bat ikastea ez da bat ere lan erraza, hizkuntza berri hori ulertzea eta hitz egitea urteetako lana da, baina bala ere AEK Bisasti Euskaltegian eta Udal Euskaltegian 150 lagunek eman dute izena euskara ikasteko asmoz. Bertan lehen urratsetik EGA maila bitarteko eskolak ematen dira, eta deus ere ez dakitenak, euskaltegian azken urteotan euskara ikasten jardun dutenak eta garai batean jakin arren berreuskalduntzera edota alfabetatzera doazenak elkartzen dira, bakoitza bere ezagutzaren arabera, dagokion urratsean ikasten duelarik. Aipagarria da aurten Udal Euskaltegian, Urretxu eta Zumarragara bizitzera etorri berriak diren errusiar batek, suitzar batek eta Logroño eta Valladolideko bi lagunek eman dutela euskara ikasteko izena.
Euskaltegira doazen gehienak seme-alabekin hitz egin ahal izateko eta hauei eskolako gaietan laguntzeko euskara ikasi nahi duten gurasoak dira. Hala ere badira inongo beharrik gabe, ikasteko gogoa dutelako joaten diren ikasleak ere.
Irakasleen helburua, hiztun osoak lortzea da, bere bizitzako funtzio guztiak euskaraz egiteko gai izango direnak, eta horretarako ahalik eta ikasgai praktikoenak prestatzen saiatzen dira, teoria erakusteaz gain, mintzamena asko lantzen da eta mintzagaiak errealitatera egokitzen saiatzen dira, eguneroko egoerak, gertaerak, planteatzen dituzte, ikasitakoa erabilgarria izaten ahalegintzen dira.
Honela, AEK Bisasti Euskaltegiak iaz martxan jarri zuen tabernari eta dendarien lanari egokitutako ikastaroa ematen jarraituko du aurten ere.
Bi euskaltegiko irakasleen esanetan, euskara ikastea zaila egiten zaie ikasleei baina zailena lan eguna bukatu ondoren, euskaltegira joatea omen da, Aste Santuko oporren ondoren, eguraldia epeltzen hasten denean askok utzi egiten omen diote euskaltegira joateari. Lan eguna bukatu ondoren ikastera joatea gogorra bada ere, txandaka lan egiten dutenek zailago izaten dute euskaltegiko taldearen martxa jarraitzea, Udal Euskaltegiak arazo hau konpondu nahian, txandaka lan egiten dutenentzat ordutegiak egokitzeko asmoa du aurten.
Baina, gure herrietako kaleko euskararen erabilpena kontuan harturik eta ikasle hauek ikasitakoa praktikan jartzeko dituzten oztopoak ezaguturik, euskaltegietako ikasle eta irakasleek kezka berbera dute, klase orduak bukatu ondoren, EGA titulua atera ondoren, zer, non eta norekin erabili daitekeen euskara Urretxu-Zumarragan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide