GU Sport eskualdeko kirola zabaldu nahian (027. alea)
Goierri eta Urola Garaiko kirol aldizkaria da GU Sport. Jabier Otermin urretxuarrari eta Jesus Mari Toral ordiziarrari bururatu zitzaien ideia baina praktikara eramateko garaian, Txema Gonzalez beasaindarraren laguntza ere izan zuten. Egun, hiru gazteak ari dira elkarlanean. Hamabostean behin, ostegunetan ikusten du argia kirol aldizkari honek. Lehen alea, aurtengo martxoan kaleratu zuten baina uda eta gero, garai berri bati ekiteko prest daude. Jabier Oterminekin egoteko aukera izan dugu eta berak eman dizkigu kirol aldizkari honi buruzko xehetasunak.
Nola bururatu zitzaizuen GU Sport sortzearen ideia?
Gure bailaran kirolaren tratamendua urria zela pentsatu genuen. Herri aldizkariak gai orokorrak jorratzen dituzten bezala, kirola soilik lantzen zuen aldizkaria egitea pentsatu genuen. Elkarrekin ikasten ibilitako Jesus Mari Toral eta ni elkartu eta GOIEKIk eskainitako ikastaro bat egin ondoren, aurrera jotzea erabaki genuen. Sortzaileak berez, Jesus Mari eta ni gara baina Txema Gonzalez beasaindarra konbentzitu ondoren, hirurok ari gara lanean aldikako kolaboratzaile batzuekin batera.
Ze eskaintzen du GU Sportek?
Azken finean kirolari buruzko informazio lokala da. Gainontzeko komunikabideetan lekurik ez duten kirol taldeen informazioa lantzen dugu, analisi sakon eta emaitza guztiak kaleratuz. Hasiera batean, alea 75 pezeta kobratzen genuen baina aurrerantzean, dohain banatzea erabaki dugu kuota bidez. Honela edonork jaso ahal izango du GU Sport etxean musutruk. Aldizkaria berrindartzeko asmoa daukagu. Horretarako, 24 orrialdekoa kaleratuko dugu azala koloretan duela. Hamabostekaria izaten jarraituko du eta hizkuntzari dagokionez, lehen bezala, erdaraz eta euskaraz izango da; nahiz eta erdarak presentzia gehiago izango duen euskarak baino.
Diru laguntzarik jaso ahal duzue?
Gipuzkoako Foru Aldunditik diru laguntza jaso ahal izateko euskara hutsean idatzi beharra dago eta guk baldintza hori ez dugu betetzen. Udaletxeetara ere jo dugu eta baiezko bakarra, Zumarragako Udalak eman digu. Hori bai, guk ez genuen udaletxeetara diru laguntza hila jo. Proiektua aurkeztu genuen eta azaldu genien subentzioa aldizkarian publizitatea sartuz eman zezaketela. Hau izango da hain zuzen, Zumarragako Udalak egingo duena. Urretxuko Udalaren erantzunik ez dugu jaso oraindik.
Orain artean, nolakoa izan da jendearen erantzuna?
Jendearen erantzuna ez da izan guk espero genuena. Aldizkaria ez dugu kalean ikusi. Horregatik erabaki dugu aurrez aipaturiko etapa berri horri ekitea. Kirol elkarteen aldetik inplikazio gutxi somatu dugu. Komunikabide handiek ez dituzte kontuan hartzen eta hain zuzen ere, guk, arrazoi horregatik uste genuen talde hauek beren interesa agertuko zutela gure proiektuarekiko baina, ez da horrela izan. Nahiz eta salbuespenak egon, orokorrean jendearen inplikazio falta somatu dugu. Ikusiko dugu ea etapa berri honetan aldizkaria gehiago ikusi eta jendea animatzen den.
Ze kirol dira gehien jorratzen dituzuenak?
Saiatzen gara denei tratamendu bera ematen. Gertatzen dena zera da, 23 futbol talde daudela eta nahigabe bada ere, beti futbolak leku gehiago izaten duela. Hain zuzen, 24 orrialdeko aldizkari berria kaleratzearen arrazoietariko bat hori da, GU Sporten, kirol guztiek islada izatea nahi dugula.
Aurrera begira ze asmo dituzue?
Bigarren etapa honetan sartu gara eta ikusiko dugu ze nolako erantzuna jasotzen dugun. Baina gure asmoa aurrera jarraitzea da. Beti ere, hobetzen saiatuko gara. Kirol informazio asko dago. Makina bat jende dabil egunero entrenatu eta asteburuero jokatzen, nahiz eta kirolari profesionalak ez izan. Gure ustez informazio tratamendu egokia merezi dute, meritu handia dutelako.
Nola ikusten duzu kirola eskualdean?
Krisia dagoela iruditzen zait. Taldeak osatzek arazoak daude. Saskibaloian adibidez Urretxu eta Legazpiko taldeak elkartu egin dira. Jubenilak behinik behin elkarrekin entrenatzen dihardute. Lazkao eta Ordiziakoak ere batu egin dira. Jendeak futbola gehiegi begiratzen du gainontzeko kirolen kalterako. Talde askok, Zuzendaritza Batzordeak osatzeko arazoak dituzte. Bestalde, ikustera joaten den zaletu kopurua nabarmen jaitsi da kirol guztietan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide