Agiñaga hobeto ezagutzeko gogoa piztu nonbait eta jakinmin hori asetzeko honako solasaldi hau izan dugu Patxi Plazaolarekin.
Noiz eta zergatik elkartu zen Agiñaga Zumarragara?
Agiñaga betidanik izan da Azkoitiko auzoa, baina Zumarraga Azkoitia baino gertuago dagoenez, agiñagarrek bizimodua Zumarragan egin izan dugu beti.
Azkoitiarrak izanik, eskolara Zumarragara joan izan gara agiñagarrak eta erosketak egitera ere Zumarragara joateko joera izan dugu. Azkoitira udaletxera bakarrik joaten ginen.
Telefonoa jartzerako orduan ere arazoak izan genituen, Azkoititik jartzeko milioi bat pezeta pasatxo ordaindu behar genuela esan ziguten, azkenean Zumarragatik jarri genuen 200.000 pezetaren truke.
Antzeman al duzue desberdintasunik azkoitiarrak a la zumarragarrak izatean?
Gu lehengo agiñagarrak gara, harro gaude bertakoak izateaz. Erosotasunean, komodidadean irabazi dugu aldaketarekin, gainontzekoan berdintsu gaude.
Azkoitiko udaletik ez genuen dirulaguntza handirik jasotzen erabat ahaztuta geunden eta orain ere nahiko baztertuta gaude.
Zumarragara elkartu ginenean plazan hormigoia bota eta argiak jarri ziren baina ondoren ez da ezer egin.
Zer falta da Agiñagan?
Aspaldian gabiltza frontoi eske. Zumarragara pasatu ginenean egingo zela agindu ziguten baina eskean jarraitzen dugu. Bestalde, hilean behin igande goizetan eta egun garrantzitsuetan meza ospatzen da Agiñagan, entierroak ere bertan egiten dira, baina eliza egoera txarrean dago. Eliza konpontzeko ere dirulaguntza eskatzen dugu.
Garai bateko eskola Zumarragako udalarena da eta 20 urtetarako soziedade moduan erabiltzeko baimena dugu, hau eskertzekoa da.
Tabernaren beharrik ez al duzue somatzen?
Bai, taberna faltan botatzen da. Jende asko joaten da Agiñagara oinez, eta mendi buelta oso politak egin daitezke Agiñaga inguruan. Tabernak bizitasuna emango lioke auzoari, bertara oinez inguratzen diren herritarrek eta mendizaleek zerbait edan eta jateko aukera izango lukete modu honetan.
Garai bateko taberna hutsik dago, zabaltzekotan ibili dira, baina konponketa handiak egin behar direnez ez dira zabaltzen ausartu. Zumarragako udalari bertako taberna hartu nahi duenari laguntzaren bat emateko eskatu nahiko genioke.
Zenbat biztanle ditu Agiñagak une honetan?
60 lagun bizi gara bertan, 16 baserri daude, eta 2 hutsik daude. Jende gazte asko dago Agiñagan, denek kalean lan egiten dute baina bertan bizitzen gelditzeko etxea egin duenik ere bada. Azkoititik Agiñagara bizitzera etorritako beste familia bat ere badago.
Etorkizunari begira zer asmo duzue?
Udaletik laguntzarik jasoko bagenu, gauza gehiago egingo genituzke. Apaiz etxea hutsik dago eta hau aterpetxerako egokitzea ideia ona dela iruditzen zaigu. Agiñagari bizitasuna emateaz gain, zumarragarrentzat ere onuragarria izango litzateke turismo aldetik.
Zer moduz sanmartinak?
Agiñagako festetan, sanmartinetan jende ugari inguratzen da bertara. Estimazioa du Agiñagak. Ondo, oso ondo ibili gara.