Lehiaketan, ardi odolez eta ardi gantzaz egindako odolkiak hartu dira kontuan. Ardi odolari behiarena nahastuz egin zitezkeen, edo behi odola hutsik izanez ere bai. Lehiaketan odolkigile industrialek soilik hartu zezaketen parte. Epaimahaikideek, itxura, usaina, zaporea eta osaketa fisiko-kimikoa hartu zuten kontuan epaia ematerako orduan eta baldintza hauek kontutan hartu ondoren, zortzi epaimahaikideek, Jesus Mari Deba ormaiztegiarrak egindako buzkantzak saritu zituzten.
Lehiaketako epaimahaia, sukaldari eta aditu ezagunez osatua egon zen. Busca Agirre sendia, Juan Jose Lapitz, Jose Juan Castillo, Patxi Mendizabal, Alberto Elorza, Pedro Ruiz Elizondo, Juan Manuel Garmendia eta Luis Juan Unanuak osatu zuten epaimahaia.
Jesus Mari Deba irabazleak, aurtengoarekin hirugarren aldiz jarraian irabazi du santalutzitako Buzkantza Lehiaketa. 1991. eta 1993. urteetan bigarren saria lortu zuen eta 1986an, hirugarren saria. Lehiaketa irabazteagatik, 50.000 pezeta, prentsan iragarkia, plaka eta diploma jaso ditu. Bigarren saria, Legazpiko Urcelay harategiarentzat izan zen. Honek, 1991n eta 1993an lehen. saria lortu zuen. 1992an bigarren saria eta 1994an, hirugarren saria. Bestalde, Ormaiztegiko buzkantza lehiaketan ere lehen saria lortu zuen 1995an. Aurten bigarren egiteagatik 50.000 pezetako saria jaso du.
Azkenik, 30.000 pezetako sari berezi bat ere bazegoen aurkezpen onenarentzat eta hau, herrian geratu zen, Fernando Salegi zumarragarrak lortu baitzuen.
1986. urtetik aurrera Busca Isusiren omenez
1916ko irailaren 7an jaio eta 1986ko uztailaren 16an hil zen Busca Isusi, Zumarragak izan duen idazle garrantzitsuenetako bat. Euskal sukaldaritzan ospe handia bereganatu zuen, Aranzadi Zientzi Elkarteko lehendakariordea izatera heldu zelarik.
Bere lan profesionaletan, Martzillan sortutako lehen barazki enpresako fundatzailea izan zen. Liburu, artikulu eta hitzaldietan, beti agertu zuen gastronomiarekiko ardura.
Santalutzitako Buzkantza Lehiaketako orain arteko irabazleak:
- 1983: Luis Egiburu (Urretxu)
- 1984, 1985, 1986, 1988 eta 1992an: Iñaki Campos (Ormaiztegi)
- 1987: Maria Dolores Arruabarrena (Zumarraga)
- 1989: Victoriano Intsausti (Zumarraga)
- 1990: Erratzubehekoa baserria (Urretxu)
- 1991 eta 1993: Pedro Urzelai (Legazpia)
- 1994: Alfonso Arratibel (Zumarraga)
- 1995, 1996 eta 1997an: Jesus Mari Deba (Ormaztegi
Jesus Mari Deba: Lehiaketa honek ospea ematen dizu
Hiru urtez jarraian irabazteak badu meritua. Pozik egoteko modukoa izango da zalantzarik gabe.
Bai, bai. Ez dakit suertea edo suertea baino zeozer gehiago den baina hiru urtetan segidan irabaztea nahiko zaila da bai. Pozik nago.Aurten irabaztea espero zenuen?
Bakoitzak buzkantzak egiteko modu bat du. Ba al dute sekreturik zure buzkantzek?
Bueno nik, atzo probatu nituen nik egindako buzkantzak eta banekien azkena behintzat ez nintzela izango. Irabaztea zaila ikusten nuen baina tira, maila ona egon omen da eta guztien artean nire buzkantzak saritzeak ilusioa ematen du.
Sekreturik ez dago. Niri, zail samarra egiten zait buzkantza hauek egitea, odolkiak txerriarenarekin egiten ohituak baikaude. Nahiko natural egiten ditugu eta puntu polita hartura diogula pentsatzen dut. Lehen egiten ziren posturan egiten jarraitzen dugu. Baina sekreturik ez dago.Santalutzitako Buzkantza Lehiaketako irabazlea izateak ospea ekarriko du ezta?
Bai. Behin txapeldun irtenez gero gehiago saltzen da. Ospe pixka bat ere hartzen duzu eta diferentzia badago bai, jendeak gehiago ezagutzen zaitu eta saltzeko momentuan ikaragarri nabaritzen da.
Buzkantza nola egin
Buzkantza egiteko honako tresnak eta osagaiak behar dira.
Tresnak: lapikoa, aiztoa eta ontzi handi bat.
Osagaiak: ardi gantza, tipula, oreganoa, perrexila, porruak, pipermina, gatza eta ardi hestea.
Ardi gantza ondo txikitu ondoren lapikoan jarri eta sutan urtu arte utzi behar da. Ardi gantza urtzen denean, lapikora kipula bota, eta egosten jarri behar da. Aiztoa hartu eta oreganoa, perrexila, porruak eta ardi gantzaren baresarea gordina txikitu behar dira, gatza eta pipermin pixka bat ere bota behar da. Orain, ontzi handia ardiaren odolez beteko dugu eta aurrez aipaturiko osagai guztiak ardiaren odolarekin nahastu beharko dira.
Osagai guztiak nahastu ondoren, ardiaren hestea den tutu luze batean pasatuko da dena. Ez da komeni ahaztea hestea betetzeko behar diren osagaiak zapaldu egin behar direla. Ondoren, heste guztiak osagaiez beteta ditugunean, soka bat erabiliz, korapiloak egingo dizkiogu nahi dugun neurrian, era honetan buzkantzaren itxura hartuko du. Korapilatze lanak bukatu ondoren, buzkantzak su txikian, ordu erdiz egosten jarriko ditugu.