Nongoa da Jon Maia, hemen dagoenean urretxuarra eta Zumaian dagoenean zumaiarra?
(Barreak) Bueno, ni sekula ez naiz inongoa sentitu. Badakit erantzun erraza dela hori baina nik beti euskalduna naizela esaten dut. Zumaiarra bai, dagokion neurrian sentitzen naiz eta urretxuarra, dagokion neurrian ere bai.
Txikitako zer oroitzapen dituzu Urretxun?
Gogoan dut niretzat oso gogorra izan zela hemendik joatea. Negar asko egin nuen, pena handia sentitu nuen. Hemendik joan eta urte batzuetara oraindik ere asteburuetan etortzen nintzen. Familia hemen daukat eta etortzen naiz. Gogoan dut txikitan Lourdesko Ama ikastolara joaten nintzela. Hemengo kaleetan ibiltzen naizenean, nire kaleak ere badirela sentitzen dut. Bertako jendearekin harremana oraindik ere mantentzen dut.
Nola ikusi duzu gaur Urretxu?
Aldatuta ikusten dut. Adibidez, ni jaio nintzen plaza, Gernikako Arbola plaza, aldatuta dago. Astakeria handia iruditzen zait frontoia bota izana. Gasteiztik Zumaiara joatean astero ikusten dut Urretxu eta aldatuta dago. Iruditzen zait piska bat, puskatuta dagoela. Lehen, nukleo bat ikusten nuen, plaza, aldapa… orain, berriz, aldatuta ikusten dut. Bestela, betiko moduan.
Parte hartu duten 42 bertsolarietatik, lehenengo zortzien artean sailkatu eta finalean arituko zara. Zer sentitzen da?
Finalean sartzea pozgarria da niretzat. Behar nuen zerbait da eta haren bila nenbilen. Oso inportantea da bilatzea bestela kasualidadez lortzea oso zaila da. Txapelketa eskaparatea da. Beti ere, erreferentzia bat. Ni gauza askotan ibili naiz azken urteotan eta distortsionatuta ikusten nuen nire bertsolari izaera. Nik egiten ditudan gauza guztiak bertsolari izateari esker dira. Horregatik berrindartu behar nuen nire bertsolari izaera. Nire ilusioa bertsolari izatea eta bertsoak kantatzea da eta orduan, finalean sartzeak nolabaiteko berma ematen du. Aintzakotzat hartzen zaituzte. Ondo etorriko zait. Zure izena hor ikusteak poza ematen du. Bertsolaritzaren historian zehar finalean egon direnak ikusten dituzu eta orain, zu hor zaudela ikusteak poza ematen du. Niretzat, prozesu bat borobiltzea da. Garai berri baten hasiera ere izan daitekeela pentsatzen dut.
Egia al da Euskitzek, Peñagarikanok, Telleriak eta Enbeitak txapelketari uko egiteagatik sartu zarela zu beste batzuen artean txapelketan?
Egia da bai. Hauek leku bat zeukaten txapelketan, Gipuzkoako Txapelketan eginiko lanagatik. Ni, Gipuzkoako Txapelketan, lehenbiziko kanporaketan kalera joan nintzen eta ez nintzen Euskal Herrikoan, hasierako 42en artean sartzen. Gipuzkoar batek utziz gero ni izango nintzen lehena sartzen eta azkenean hala gertatu da. Suplente izatetik finalean sartzea ba pentsa, sekulako alaitasuna da. Euskitzek garaiz deitu zidan parte ez zuela hartuko esanez eta ondorioz txapelketa prestatzeko denbora izan dut.
Irazuk, Amurizaren errima liburua erabili duela esan du txapelketa prestatzeko. Ze prestaketa mota burutu duzu zuk?
Amurizaren liburua uste dut gehienok erabili dugula. Nik, liburua kaleratu zen egunean erosi nuen. Igor Elortza eta biok errima zerrendak ordenagailuz egin, eta gure errima jokoak zabaltzen ibili gara. Txapelketako ariketak ere asko landu ditugu eta batik bat, oso zentratuta ibili naiz. Apunteak hartu, nire ideiak landu, denbora osoan ideiak hartzen ibili naiz.
Igor Elortzarekin pisuan batera bizitzeak lagundu al dizu?
Bai. Bi urte daramatzagu elkarrekin eta bertso gai horietan asko sartzen gara. Gaupasak ere egiten ditugu hizketan. Oso lagun onak gara. Hala ere, Igor, Zazpi eskale diskoa grabatu behar zuela eta lanpetuta ibili da. Bestalde, Asier Otamendi ere etxetik hurbil bizi da eta honekin ere aritu naiz. Entrenatzeaz gain makina bat barre ere egin dugu elkarrekin.
Adituek, Berako kartzelako gaian asko arriskatu eta bertso bikainak bota zenituela diote.
Beran ez nintzen oso gustura sentitu bertsotan. Nerbioso, baldartuta ikusi nuen neure burua eta saio bukaerara, kartzelako gaira zenbatgarren egon nintekeen ez nekiela iritsi nintzen. Egaña eta Iturriagarekin aritu nintzen hizketan eta biek arriskatzeko esan zidaten. Hil ala bizi egin nuen eta bizirik atera nintzen. (Barreak)
Bitxikeria moduan, zer egiten duzue kartzelako gaian itxaroten ari zaretela?
“Kamara okulta” delakoarekin grabatzeko modukoa da. Bat pasiatzen, bestea aulkian eserita… Normalean saioari buruz hitz egiten dugu. Konfidantza handiagoa duzunarekin hitz egiteko ere aprobetxatzen da nola zoazen jakiteko.
Joanito Dorronsorok, Bertsolari Aldizkarian, txapelketa honek bertsolari bakoitza bere tokian jarriko ote duen galdetzen zuen. Jarri al du zure ustez?
Ez. Asko bere tokian jarri ditu baina beste asko ez. Txapelketa izatez ez da justoa. Gehiago merezi duten askok ez dute jasotzen ordaina. Egañaren kasuan bai, plazaz plaza ere bera da txapelduna, berak merezi du txapela jaztea. Baina hor daude finaletik kanpo Igor Elortza, Jokin Sorozabal, Aitor Mendiluze eta gehiago eta agian bere lekua ez da hori.
Joxerra Garziak Euskaldunon Egunkarian idatzitako “potofobia” artikuluarekin ados al zaude?
Ados nago baina Joxerrak esan bezala hori beti izan da horrela eta txapelketa jokatu aurretik bagenekien horrela izango zela. Nire ustez akatsak gehiegi zigortu eta merituak gutxiegi saritzen dira. Epaileek nahiko jarrera segurua hartzen dute. Beran Egañaren kartzelako bertsoek batez besteko 7’6ko puntuazioa izan zuten. Zer egin behar da orduan 8a ateratzeko?
Muruak adibidez, epaimahaikideen puntuazioa ikusi ondoren, erreferentzi gabe geratu dela esan du. Ez dakiela zer hartzen den kontuan.
Bai bueno. Nik uste dut badakidala zer puntuatzen duten epaileek eta zer ez. Nire ustez bertsotan ondo egiten duenak normalean aurrera egiten du. Gerta daiteke Murua bezalako bertsolari erregular eta onak, bere ustez ondo kantatuta ere, aurrera ez egitea. Txapelketaren sistemak eskatzen duena da saioan zehar destakatzea eta puntu mordoska bat lortzea abantaila ateratzeko eta hori zaila da. Txapelketa ez da justua. Hala ere, uste dut badakidala zer eskatzen duten epaileek.
Bost gazte final era. Zer esan nahi du horrek?
Ziklo berri bat dator eta txapelketa hau ziklo berri horren isla da. Igual ematen du oso gazteak garela hor gaudenak baina kontuan izan behar da Lizaso 24 urterekin sartu zela lehen finalean eta Peña berriz 25ekin. Guk gainera, aurreko belaunaldiko gazteek baina denbora gehiago daramagu zirkuituan. Gazte beteranoak gara. Gazteak gara bai, baina esperientzia handikoak. Batez ere, txapelketa asko irentsi behar izan ditugulako. Datozen txapelketak nik uste oso interesgarriak izango direla. Gu helduagoak izango gara eta horrenbeste gazte egoteak, ardura ekarriko digu. Suposatzen dut plazaz-plaza ibiliko garela eta horrek ere ardura ematen du. Bertsolaritzak bere lekua mantentzeko maila ona erakutsi beharko dugu.
Emakumeen presentzia bertso munduan ere aldatu da.
Bertso eskoletan gehien apuntatzen direnak neskak dira. Gero, gauza batengatik edo beste bategatik bidean geratzen dira. Baina bagoaz normalizaziorantz. Txapelketa honek horretarako ere balioko du, Maialen Lujanbio, finalera sartzen den lehen emakumea izango baita.
Irazu finalera disfrutatzera joango omen da. Zu zeu zer asmorekin zoaz?
Bertsotan ondo egitera joan behar dugu. Gozatzera ere bai sari bat delako. Kontuan izan behar da kalera joateko arriskurik ez duzula eta horregatik, piska bat arriskatzea merezi du. Galtzeko asko ez daukazu eta azken finean, entzuleari espektakulo pixka bat ematea komeni da.
Finalari begira urduritasunik nabari al da ?
Hamar mila pertsona begira ez dira edozein saiotan egoten. Ikusi egin behar nola erantzuten dugun. Presioa izaten dut baina nik nire buruari jartzen diodana da.
Gaiak zenbaterainoko zerikusia dute bertsoa botatzerako orduan?
Txapelketan gaiek ere zerikusi handia dute. Zortearen arabera dago. Kartzelan, bi gai erabat ezberdinak tokatu ahal zaizkizu zortearen arabera eta hori ez zait gustatzen. Denok gai berarekin trebatzea hobe izango litzateke. Bestalde, gazte asko gaudela ikusita gazteentzako gai gehiago jarriko balitz hobe. Nahiz eta egia den entzuleen artean ere zaharrak badaudela.
Zenbat saio egiten dituzu urtean?
Ez ditut kontatzen baina berrogeita hamarren bat.
Zer iritzi duzu Bertsozale Elkarteaz?
Ez dut harreman handiegirik Gasteizen pasatzen dudalako astea, bileretara joateko kotxerik ez dudalako eta baita ere, azken denbora honetan nire kasa ibili naizelako ere. Baina bertsolaritzaren etorkizuna bideratzeko egokia da eta gu ere talde bezala aurkezteko edozeinen aurrean ere balio du. Bertsolaritzak jorratu ez dituen bideak zabaltzeko ere bai.
Nola ikusten duzu telebistaren eragina bertsotan?
Bai. Telebistak beti efektu hori du. Telebistak ukitutakoari nabari zaio. Guk igarri dugu hori programarik egon ez den tarte honetan. Agian ongi etorri zaio bertsolaritzari bere benetako tamaina zein den ikusteko. Telebistaren efektuaren eraginez asko puztu zen. Hala ere, gaur egungo edozein espektakulok behar du piskat, telebistaren presentzia. Gainera euskal kulturaren espresio indartsuenetakoa da bertsolaritza. Jende askori gustatzen zaio bertsoak entzutea eta jende hau ezin da astero frontoirik frontoi ibili. Alde txarrak ere baditu. Jendea idolatratu egiten du, bertsorik onenak bakarrik ageri dira… Baina tira, telebista guk behar dugu.
Ze moduzko lana egiten dute bertso eskolek?
Nahiko finkatuta daude. Hasieran bertso munduko jende asko mesfidati zegoen gai honekin, bertso eskolak, bertsolariak egiteko fabrikak edo zirela esanez… Bertsolari jaio egin behar zela esaten zen eta hori ez da horrela. Euskaraz dakien edonork egin dezake bertsotan. Norberaren grazia, sakontasuna… hori bai, bakoitzaren izaera jaiotzez jasotzen da baina bertso eskolek emaniko fruitua txapelketa honetan garbi dago. Bost edo sei, agian Egaña ere aritua izango da, hortik atera baikara. Bertsolariak sortzeko oinarri nagusiak dira.
Zer bertsolarirekin da erraza bertsoa botatzea eta zeinekin zaila?
Igor Elortza oso ondo ezagutzen dut eta berarekin gustura ibiltzen naiz. Unai Iturriagarekin ere bai, Maialen, Irazu… Bertsolari onekin ere erraza da, Egaña, Sarasua. Zaila, menperatzen ez duzun terrenoan ibiltzea da.
Santa Lutzi bezperako bertso saioa entrenamendu gisa hartuko al duzu?
Bai. Ondo etorriko zait Egañarekin eta Sebastianekin aritzea azkeneko sprint horretan puntu puntuan jartzeko.
Santalutzitako bertso saioan dauden lau bertsolari horietatik hiru, lehen hirurak izango ote dira txapelketan?
(Barreak) Hala izango balitz ,ordainduko nizuke trago bat.
Emostasu musutxue.
(Barreak) Bertsolaritzari esker egin ahal izan dudan gauza bat gehiago da. Zortzi urte daramatzat letrak idazten eta berrogei bat kanta idatzi ditut. Kanta hau zehazki, bi ordutan egindako letra da, edo gutxiago agian. Bestelako proiektuetan ere banabil. Maialen eta bioi eskatu ziguten Basauritik ea elkartuko ginatekeen lanari buruzko bertso musikatu emanaldi bat egiteko. Bixente Martinezi ere esan zioten eta hortik sortu zen Mailen Lujanbio, Jon Maia eta Igelaren banda, Oskorriko taldekide bat- zuekin.
Finalera begira zein da zure pronostikoa?
Andoni Egaña, baina… nork daki?
Bota bertso bat Jon.
Urretxutikan Zumaialdera
aspaldi joan nintzela
nere burua ikus dezaket
Urola trena bezela
zuen estima hutsa neretzat
bada nahiko txapela
qure bertsoak urretxuarren
poza izan daitezela
Honela definitu ditu Jon Maiak esaldi batean finaleko bertsolariak
- Jesus Mari Irazu: Nortasun bereziko bertsolaria, kontuan hartzeko tipoa.
- Lizaso Bertsolari osoa, behar-beharrezkoa den bertsolaria.
- Maialen Lujanbio: Bertsolari petoa, azkarra eta konplejurik gabekoa.
- Andoni Egaña: Maila goreneko aho literatoa, genio bat.
- Unai Iturriaga:Buru argia eta dinamikoa, biharko eguneko pertsonajea.
- Aritz Lopategi: Bertsolari ona, behar adina estimatzen ez dena.
- Mikel Mendizabal: Langilea eta tipo fina, berak irabazi du duen tokia