Makina hain gailenduta dagoen garai hauetan, Albenizek egurra lantzen du eskuz bere lan tresnez baliatuz. Modu tradizional honetan egiteak egun askotako lana dakar. Piezak egiten, orduak eta orduak igarotzen ditu eskulangile honek. Euskal uztarriari kutsu berezia eman dio eta hain zuzen ere, uztarriak egiten ematen ditu ordu eta egun gehienak. Lehenik eta behin, bere tratamendua ematen dio egurrari, gero errazagoa baita lantzea eta aldi berean, egurra indartu egiten da pipiek egin dezaketen kaltea gutxituz. Behin tratamendu hau eman ondoren, egurra lantzeari ekiten dio taila nahi bezala amaitzeko.
Benigno Albenizek, egur mota ezberdinak erabiltzen ditu. Pagoa da ordea gehien erabiltzen duena, hala ere, berak esandakoaren arabera, urkia da taila sakontzeko segurantza handiena ematen duena. Haria du eta lan gehiago ematen du baina segurantzarengatik eta egur fina delako aldian behin ere urkia aukeratzen du.
42 urte daramatza eskulangintzan. Tartean ordea beste behar batzuk eraginda, utzi beharra izan du. Dena den, ezin izan du inoiz guztiz utzi inguruko jendeak gogor egin baitio.
Bere ustez erakusketetan ez da gehiegi saltzen .Holakoetan gehienbat, ikusi egiten du eta lanen bar gustukoa izanez gero, Benignorekin harremanetan jartzen dira, bai telefonoz edo zuzenean etxera joz. Santa Lutzi egunean, jende asko hurbildu zen bere erakusketara kuriositatea asetu nahian eta honek jarraitzeko indarra ematen dio.