Zer moduz ibili zinen omenaldian?
Ondo, oso ondo. Gustura geratu nintzen. Idi proba saioak ondo irten zuen. Aspaldiko lagunak ere etorri ziren eta herriko bi alkateen tartean bazkaldu nuen. Erregalo asko jaso nituen, oso ondo portatu dira nirekin.
Jo dezagun zure hasierako urteetara. Nola hasi zinen idi probatan?
Baserrian bizi nintzela hasi nintzen idi probatan. Hasi, gustatu eta aurrera jo nuen. Ama aldetik eduki nuen afizioa. Aita eta ama Lasturgoak ziren eta handik jaso nuen arrastoa.
Ordutik hona, gauza asko aldatuko ziren.
Bai asko. Gauza batzuk onera eta beste batzuk txarrera. Sarien aldetik, txarrera. Lehen denei ordaintzen zitzaien zerbait eta orain berriz onenei ematen zaie saria. Eta hori triste gelditzen da. Hala ere, oraindik behintzat, isilik egoteko moduan gaude.
Doping-a ere sartu da tartean. Zer nolako eragina izan du?
Bai. Jendea atzeraka botatzen du doping-aren kontu honek. Lehenago kafea eta ardoa ematen zitzaizkien idiei eta orain berriz, ezin zaie horrelakorik eman. Nolabaiteko mugaren bat jarri beharra dago. Droga fuerteren bat eman ezkero idiei ondo dago zigorra jartzea.
Gogoratzen al duzu lehen saria non jaso zenuen?
Hori ez da berehala ahazten. Bizkaian, Arritxinan, Markina aldamenean izan zen. Alabak 8 urte zituen eta beste batekin batera autobusean bidali nuen kopa eta guzti. San Migelen familia artekoak kopa noiz iritsiko zain zeuden. Hura balio handiko kopa izan zen. Harrezkero sari asko irabazi ditut.
Zein da duzun oroitzapenik onena?
Abadiñon jokatutako proban izan zen. Hiru idi uztarrian lotuta beste bi idi
pareren aurka aritu ginen. Natibitate egunean aritu ginen izugarrizko jendetza bildu zela. Barrruan zegoen adina jende egon zen kanpoan sartu ezinik. Idi onak nituen eta egun hartan irabaztea tokatu zen.
Ze ezaugarri behar ditu idi probatan aritzeko idi pare batek?
Norberak hartzen dio bere pinta. Buruan, hanketan, buztanean… begiratuta ideia bat hartzen zaio. Beti asmatzea ez da erraza baina tira. Lodi edo flakoa egoteak ez du zerikusirik. Flakoa egonda gainera errazago igartzen zaizkio lehen esandako ezaugarriak.
Adituek, beste probalariek alde batera utzitako idiekin txapeldun izan zarela diote. Egia al da?
Ja, ja, ja! Ez dago harrokeriarik edukitzerik. Batzuk idia utzi egiten dute ez duela gehiagorako balio esanez. Gero ordea harekin zeozer egiten da. Sasoi batean ez nuen azierto txarra izan horrekin. Gaur egun ordea jendeak igarri egiten du eta zaila da. Lehen pare bat probatan idiak frakasatu ezkero, bota egiten zien idiak, orain berriz hobeto aprobetxatzen da ganadua.
Nola entrenatzen dira idiak idi probetarako?
Lehen jendeak entrenatu ere ez zuen egiten. Orain berriz asko profesionalizatu da eta guztiek egiten ditugu entrenamenduak. Lehengo aldean ondo preparatuta dago jendea. Ahal badugu egunero entrenatzen dugu guk ordu eta erdi inguru. Ibilaldi bat eman, garbitu, manteatu…
Proba baino lehen zeozer berezia ematen al zaie idiei?
Ez. Lehenengotik pisuan sartzeko, ez zaie janari eta edaririk ematen hiru lau egunetan. Pisatu ondoren, goseak egoten dira eta orduan ematen zaie jatekoa.
Non dago afiziorik gehien?
Bizkaia aldean. Abadiño, Markina baina orokorrean Bizkaia osoan. Idi pare onak joan ezkero oraindik bete egiten dira plazak. Andreak ere duela gutxi hasi dira idi probatan. Eta nola egin gainera!
Urretxu-Zumarragan zer moduzko idi probak izaten dira?
Festatan antolatzen dira batipat. Amor propixo asko egoten da jokoan. Mantak erakutsi… eta afizio asko egoten da batak besteari irabazteko. Itxura denez, aspalditik dator lehia hau. Baina idiak pisatu gabe eta 20 minututan nork gehiago egin jokatzen da. Ez da erabat profesionala.
Idiek gehiegi sofritzen duteneko kontua entzun da azkenaldian.
Orain, akuluak lehengoak baina finagoak dira. Juezak gainean ditugu gai hau dela eta. Idiak amenazatzea ez da ona ez guretzat ez jendearentzat. Gehiegi kastigatzea ez da ona izan ere, idiak, astero ibiltzen dira plazaz-plaza eta tratu txarrra hartzen dute. Ni, ez naiz asko zigortzearen aldekoa.
Bizi al daiteke idi probetatik?
Bai, bi edo hiru idi pare on edukirik eta zorte pixka bat izan ezkero dirua manejatzen da, baina idi onak behar dira eta hauek erosi ahal izateko ere dirua behar da eta hor dira komeriak.
Biloba iritsiko al da zu izan zarena izatera?
Neretzako bai, nik erakutsitakoa ikasi du eta bere kontura ere beste pixka bat ikasi du eta gainera afizio handia du. Gaztea izanik edonora iritsi daiteke.