Aurreko hilabetean burutu zen Arrasateko Akordeoi Lehiaketa eta bertan, Sekundino Esnaola Musika Ikastetxeko ikasleek, sari mordoska bat lortu zituzten. Arrasateko Akordeoi Lehiaketa honetan hiru azpitxapelketa izaten dira. Nazioartekoa bata, Gipuzkoako Lehiaketa izena duen beste bat eta Gipuzkoako Jaialdia izeneko beste bat. Hain zuzen ere azken honetan lortu dute arrakasta bertako soinujoleek.
Guztira, Musika Ikastetxeko zortzi soinujole aritu dira eta guztiek ere, sariren bat eskuratu dute. Soinua ikasten denbora ezberdina daramate. Batzuk urtebete baino ez daramaten bitartean, beste batzuk zazpi urte ere daramatzate. Miren Balentziaga irakaslearen arabera, astean bitan izaten dituzte klaseak eta batez- beste egunero ordubete ensaiatzen dute. Gainera, ia hilabetero, Musika Ikastetxeak antolaturiko kontzertuetan jotzen dute. Hala ere, Arrasaten, gehientsuenak urduri aritu ziren. Aurrera begira maiatzean Bizkaian egingo den txapelketa batera joango dira eta hurrengo urtean ere, aurtengoan izandako arrakasta ikusi ondoren, berriz ere Arrasatera joateko asmoa agertu dute.
Bestalde Durangoko txapelketan, Argiñe Camara eta Mirian Romanek, infantil eta senior mailan, bigarren sariari zegozkion kopa bana eskuratu dute hogei mila pezetarekin batera.
- Miren Arboniés (Urrezko domina)
- Amaia Lizarraga (Urrezko domina)
- Leire Goenaga (Urrezko domina)
- Ines Aztiria (Zilarrezko domina)
- Aitor Areizaga (Zilarrezko domina)
- Ana Vieco (Zilarrezko domina)
- Maialen Fidalgo (Brontzezko domina)
- Izaro Angulo (Brontzezko domina)