Ibilbidearen informazio gehiago nahi izanez gero Ostadar Mendi Taldeko egoitzan, Zumarragako Jai- Alai kaleko 4. zenbakiko helbidea duen egoitzan galde dezakezue.
Ibilbide honetan bertako zenbait herritarrekin gustura izan ginen eta zenbait bitxikeria kontatu zizkiguten:
"…Herriko taberna? Estankoa zen, baina bertako andrea jubilatu eta dena itxi zuen. Orain hona etortzen gara, errepideko tabernara…"
“… Kalifornian lanean aritu nintzen, orain dela hogeita hamar urte itzuli nintzen eta orain ia itsu nago. Etxean igaro ditut hiru urte ezer ikusi gabe …"
"… Asko bidaiatu nuen; Torrelavegan, negozioak egin nituen …”
“… Zu ororen hasieran zaude, mendi anitz geratzen zaizkizu korritzeko …"
(Amaiurreko gizon zahar bat)
"… Lautan hogei urte ditut, Mugairekoa naiz, ia hemen bertakoa. Astean behin etortzen naiz Amaiurrera, gazta erosteko; Kalifornian ditudan hiru semeei bidaltzen diet …"
"… Giputzak zaretela? Industria anitz, ezagutzen dut bai, hara joandako jendea. Hala da bizitza, batzuk Gipuzkoara, beste batzuk ordea, Kaliforniara …"
"… Bihar Elizondoko feria eguna da, nire etxean bazkaltzera gonbidatzen zaituztet. Axuri ona, legatz ona …”
"… Sunbillan duzuela autoa? Mugaireraino eramanen zaituztet, beharbada Sunbillaraino gazta-pintxo bat hartzen badugu …"
(Mugaireko gizon zahar baten abegikortasuna)
Bertiz Jaurerrian eta Baztan bailaran.
SUNBILLA (108 m). Herriaren hasieran, ezkerrerantzako lehendabiziko kalea hartu eta porlanezko pista bat aurkituko dugu; hemendik jarraitu eta bidegurutzean ezkerretik errekaraino jaisten den hartxintxarrezko bidea jarraituko dugu. Pista hau jarraituko dugu eta baserri batzuetatik igaroz, mendi-bizkarra lepo batean topatuko dugu.
Toki lauan, ordekan pixka bat ibiliko gara eta bidegurutzean ezkerretik jarraituko dugu, agertzen diren marka zuri-horiak kontuan hartu gabe. Alanbre-hesi bat eta harlauza handiz osatutako harresi batekin topo egingo dugu. Bost minutu igaro ondoren, pista utzi eta eskuinerantz igo beharko dugu, alanbre-hesia eta harlauzen ondotik. Orbelaz estalitako aldapa labur baino bortitz batek, SALIÑA muinoraino eramango gaitu (564 m).
Pagadian, kordala jarraituko dugu, beti ezkerretik eta harlauzen harresiaren ondotik ibiliz.
Era honetan, SAGASTA muinoa (646 m) gaindituko dugu. Aldapa gogor batek ESKIU leporaino (550 m) jaitsaraziko gaitu. Eskuinean, BERTIZ JAURERRIAn sartarazten gaituen metalezko ate bat topatuko dugu eta pagadi eder batez inguraturiko pista batera, ORONOZ-MUGAIRE eta AIZKOLEGI mendia elkartzen dituenera irtengo gara. Pistatik 9. Kmko mugarriraino igoko gara eta hamar bat minutu beranduago, eskuinetik irteten den bide zabal batetik jaitsiko gara; honek PLAZAZELAI lepora (535 m) eramango gaitu, non beste bidegurutze bat topatuko dugun.
Ezkerretik, Oronoz- Mugairetik ORABIDEArainoko errepideraino igoko gara. Errepide hau zeharkatu eta eskuinean, hurbilean dugun baserri baterako gurpidea hartuko dugu. Baserrira iritsi baino lehen, iturri batera doan ezkerreko bide-zidorra hartuko dugu. Ezkerreko bidetik jarraitu eta urrutian ikus daitekeen pago bakarti bateraino igoko gara. Hemen eskuinerantz biratuko gara eta pagadiaren ertzetik igoko gara. Bidezidorra hirutan banatzen den tokian, erdiko zidorretik, aldapatsuen denetik igoko gara; berehala beste bide bat zeharkatu eta orbelaz estalitako bidezidorra jarraituko dugu, basotik EEI. norabidean igoz ezker aldetik, LEGATE mendiko hegia inguratzearren.
Oso argia edo nabaria ez den bidegurutze batera iritsitakoan, ezkerretik, pista batekin topatu arte jaitsiko gara. Pista beretik eskuinerantz jarraituko dugu eta Legatetik jaisten den pistarekin topatuko gara; pistatik jaitsiko gara BELTXUZI (655 m) lepora iritsiz. Inguru honetan pisten bidegurutze bat dago. Erdikotik igoz, pagadiaren barnetik igoko gara. Errepide estu bat zeharkatu eta aurrera jarraituko dugu. URRIZAL muinoko hegietatik igaroz, kordalera iritsiko gara. Beti pagadiaren ertzetik ibiliz, IÑABERRI, BAGATXETA eta ANDREGAIN lepoetatik igaroko gara; bide ondoan bi bunker ikusiko ditugu.
Gure aurrean ALKURRUNTZ, BETARTE eta LARRO gainak ageri zaizkigu. Azkeneko mendia inguratzen duen pista hartuko dugu. Minutu gutxiren buruan bihurgune hertsi batean pista abandonatu eta hegia 700 mko leporaino zeharkatzen duen zidorra hartuko dugu. Lepo honetatik, MEAKA lepotik datorren pista zabaletik behera jarraituko dugu; BAZTAN BAILARAko bista ederrak. Ezkerrean bi baserri ageriko zaizkigu; beren eskuinetik jaitsi eta 50 bat metro aurrerago ezkerrerantz biratuko gara, porlanezko pisten bidegurutze bateraino iritsiz. AZPILIKUETA herrixka begibistan daga. Bidegurutze honetan, eskuinekotik jarraitu eta Azpilikuetan sartuko gara; ARIZKUN herria aurrean dugu, baita ezkerrean URRASUNgo baserriak ere. Ibilbidearen amaiera.