8 urterekin hasi eta gaur egun arte, 11 urte daramatza soinua jotzen. Tartean, biolontxeloa 3 urtez jo du eta azken bi urteetan ere pianoa ikasten ari da. Billabonan, Martin Musika Etxean eman zituen lehen urratsak trikitixan. Lehen hiru urteetan numeral ikasten aritu zen. Beste urtebete bat aurrez-aurre irakaslearen aurrean jarri, honek nola jotzen zuen entzun eta ondoren belarriz ateratzen zuen kanta eta azkenean, solfeoz ikasi zuen. Martin Musika Etxean, Azkonabieta, Maixa eta Iker Goenaga soinujoleak izan zituen besteak- beste irakasle. Egun, Sekundino Esnaola musika ikastetxean eta Aretxabaletako Leizarrako musika ikastetxean klaseak emateaz gain, ingeles magisteritzako bigarren maila ikasten dabil.
Puntu bakar bategatik bigarren
Iparragirre anai arrebak EITB trikiti txapelketako irabazleak, Iturbe-Elorza bikoteak baino puntu bat gehiago eskuratu zuen. Urretxu- Zumarragako bikotea garaipenetik oso gertu ibili zen baina hala ere, Edurnek, ez du aparteko penarik. Iparragirre bikotea irabazteko faboritoa zela dio eta beraiek eginiko bigarren postuarekin gustura agertu da. Azkoitiako kanporaketan lortu zuten finalerako txartela eta behin finalean zeudela, lasai aritu omen ziren. Ordenean zazpigarren jotzeak ere asko lagundu zien. Jendea girotuta egotean, gusturago jotzen delako. Porrusalda, fandangoa, arin-arina eta trikitixa jo zituzten, azken hau, Edurne Iturbe berak asmatutakoa.
Lehen bi ordu entsaiatzen zituen egunean eta garai batean, hiru urtetan, egunero-egunero jo zuen. Hala ere, gaur egun ez du horrenbeste entsaiatzen nahiz eta txapelketari begira, normalean baino gehiago saiatu den.
Edurne Iturbe 9 urterekin hasi zen txapelketan. 14 txapel ditu etxean eta oroitzapenik onenak, Zeanuriko txapelketan eskuratutako lehen saria, trikiti pieza berrien lehiaketan ahizparekin batera porrusalda piezan lortutako bigarren saria eta Andoni Elorza bikote duela EITB trikiti txapelketan lortu berri duen bigarren saria ditu.