Eta orain Singapurren zaude. Zer hartzen duzu faltan eta zer sobera Singapurren?
Faltan, lehenengo gauza eguraldia. Nazkagarria da (barreak). Oso beroa da. Egunero, 30 bat graduko tenperatura eta %90ko hezetasuna dugu. Oso beroa da. Hasieran nekagarria bada ere -izerditan blai zaude-, denborarekin ohitzen zara. Eta hasieran, badakizu … non stop! Bi urte pasa ondoren, izerdi gutxiago egiten duzu. Jendea ere oso desberdina da. Faltan, gauza asko. Esate baterako, batzuetan euskara. Espainiarrak 100 bat eta Euskal Herritarrak 5 besterik ez gara, eta inork ez daki euskaraz hitz egiten.
Eta sobera, jendea. Jende gehiegi dago (barreak). Singapur oso txikia da -Gipuzkoaren zabaleraren laurdena du- eta 3 milioi lagun bizi dira bertan.
Zein da zure lana bertan?
Hasiera batean Espainiako Enbaxadaren beka batekin joan nintzen hara. Nire lana hango enpresak hemengo ekonomian sartzea eta animatzea zen. Harremanak sortzea hango eta hemengo enpresen artean. Eta horretaz aparte, merkatu azterketak egitea. Gaur egun, lan bera egiten ari naiz baina Irungo enpresa baterako lan eginez.
Eta ingelesez mintzatzen zara lanean.
Bai soilik ingelesez. Ez dago beste hizkuntzarik ikasi beharrik. Ezta beste herrietan, Malasian, Indonesian … ere. Baina Txinara bazoaz, interpretari behar duzu han inork ez baitaki ingelesez. Txineraz ez dakit, saiatu naiz … baina, inposible da. Oso zaila da (barreak).
Nola definituko zenuke Singapur?
Jendearen aldetik oso jende desberdina dago bertan. Bertakoak eta atzerritar aso ere bai. Oso gizarte konplexua da. Lau etnia nagusi daude: txinatarrak (biztanlegoaren %80), indiarrak, lokalak (malasiarrak) -oso gutxi daude- eta okzidentalak. Atzerritarren barruan badituzu japoniar ugari, malasiarrak, indonesiarrak, indiarrak, bangladeshtarrak… Oso gizarte konplexua da, eta gainera txinatarrak ekonomi mailan diru asko dute. Beraiek dena egiten dute.
Erlijio pila ere bai, beraz.
Guztiak (barreak).
Etniak, erlijioak, … hizkuntzak.
4 hizkuntz dira ofizialak. Ingelesa, mandarina (txifiera), malasiarrena bahasa izenekoa (bertako hizkuntza) eta tamil indiarrena.
Eta euren artean, nola moldatzen dira? Ingelesez …
Bai. Eta oso bereizirik bizi dira etnia guztiak. Alde bakoitzetik txinatarrak, indiarrak, malasiarrak eta okzidentalak. Dena dela, orain hasi dira etnia desberdineko lagunen arteko ezkontzak. Lehen bat ere ez.
Beraz hori seinale ona.
Bai.
Beraz, nolakoak dira giza-harremanak Singapurren? Zer egiten du han jendeak?
Lan, lan, lan eta lan. Lan besterik ez. Ordu asko sartzen dituzu han, baina ordu asko. Goizeko 9etatik, gaueko 8ak, 9ak edo 10ak arte. Eta larunbat guztietan ere bai, goizetan egiten da lan. Eta horrez gain, bakarrik 15 jai-egun dituzu urtean opor gisa. Lehenengo urtean bakarrik 7 egun. Eta gero urtero, egun bat gehitzen dizute l4ra iritsi arte. Lan asko egiten dute (barreak). Horregatik daude dauden lekuan.
Singapur oso hiri modernoa da. Madril baino modernoagoa. Eta jende asko mugitzen da. Bizitza oso azkarra da.
Eta jendea ez da erretzen lan-erritmo horrekin.
Ez, oso handizaleak dira eta beraientzat garrantzitsuena dirua eta kotxe bat edukitzea da, eta kotxeak oso garestiak dira han – hemen baino 4 aldiz gehiago balio dute-eta-.
Begira, beraiek badaukate lema bat 5C izenekoa: credit card (kreditu txartela), car (kotxea), condominium (txaleta, igerilekua eta guzti), cash (dirua) eta beste C bat orain oroitzen ez dudana. Eta beraientzat hori da bizitzako helburua. Beraiekin harremanak izatea nahiko zaila da. Batzuetan atzerrian izan den jendearekin hitz egin dezakezu. Bai, oso itxiak dira.
Eta lanaz aparte, ez al da jairik?
Bai, badituzte. Adibidez, hemengo Kristau Gabonak, indiarrek beste bat badute -dipabari izenekoa-, txinatarrek New Chinese Year delakoa (urte berri txinatarra), baita malasiarrek, musulmandarren festak, edo tamilek beraienak ere.
Eta nola dabil lan egoera, bertako ekonomia? Aste hauetan inguruko krisi ekonomikoaz berri ugari entzun dugu.
Oso oso herri gaztea da. Orain dela 30 bat urte, independentzia Malasiatik bereiziz lortu zutenean, ez zuten ezer ere ez. Gero txinatarrak hasi ziren lanean eta oso langileak direnez, oso ondo egin dute. Eta orain ekonomia Singapurren ondo dago. Zerbitzuetara zuzenduta dago oso herri txikia delako eta bere mugak dituelako. Nahiz eta krisia izan, nahiko ondo dago. Gaur lagun batekin hitz egin dut eta une honetan egoera ondo dagoela esan dit. Baina, Malasian, Tailandian, Filipinak Uharteetan oso gaizki daude orain.
Eta Zumarraga- Urretxuko lagunei gomendatuko al zenieke hara joatea?
Bai, oso esperientzia ona da. Oso ona. Hala ere, nahiko zaila da lana aurkitzea. Multinazional asko dago eta hala ere, lana lortzea ez da erraza baina posible da. Bertako enpresetan ordea, oso zaila da beraiek oso itxiak dira-eta. Ez dute gustuko zuriek lan egiteko dugun era. Beraiek lan egiteko bere era dute eta hori dela eta, oso zaila da beren erritmora egokitzea. Baina multinazional asko dago eta hor lana lor daiteke. Agian, orain krisia dela eta, lana aurkitzea zailagoa da.
Eta nola ikusi duzu Zumarraga-Urretxu etxera itzultzean?
Berdina. Dena dela, ni hona natorrenean txip-a aldatzen dut. Herria nahiko berdina. Hori bai, etxe berri asko egiten ari dira, jende asko ezkontzen ari da, baina bestalde nahiko ondo. Hemengo bizi-kalitatea askoz hobea da.
Hemengoa, hangoa baino?
Bai, hemen jendeak badaki denbora aprobetxatzen. Hango jendearen helburua lan, lan eta lan egin besterik ez da.
Nola jasotzen dituzu hemengo berriak?
Internetez (barreak). Gaztelerazko paperezko egunkari bakarra El País Internacional da, eta ez da oso ona. Gero, Internet bitartez egunkari elektronikoak irakurtzen ditut, baita Otamotz aldizkaria ere, Zumarraga- Urretxuko berriz hornituta …
Asmorik al duzu han geratzeko?
Oso esperientzia onuragarria izan da, eta asko ikasi dut han, baina ez litzaidake gustatuko han geratzea.
1998ri zer eskatzen diozu? 5C (barreak)?
Esperientzia gehiago izatea; oraingoz hara itzuli behar dut, beraz han gauzak ondo joatea. Badakit ez naizela han geratuko. Beraz, gauzak horrela planteatu behar ditut: han denbora ahalik eta ondoen aprobetxatu.
Hango jendearekin harremanak izatea oso zaila da, eta atzerriko jendea beti tokiz toki mugitzen ari da, beraz … ez dakit. Hango bizimodua, batzuetan gustatzen zait eta beste batzuetan ez zait gustatzen. Baina gauza asko falta dira … familia, lagunak … bertako harremanak oso artifizialak dira, jendea asko mugitzen da … nire lagunik onenak Londonen, Malasian, Hong-Kong-en, Australian daude … eta horrela oso zaila da harremanak egitea.
Zorte on, eta ea urtebete barru berriz elkartzen garen …
Mila esker.