Antolatzaileek eginiko lana aipagarria izan zen. Lasterketa jarraitzen egon ziren komunikabide guztiek zein Gipuzkoako Atletismo Federazioko kideek, goraipatu egin zuten Urola Garaia Atletismo Taldeak, txapelketa prestatzen eginiko lana. Proba guztiak behar bezala, aurrez jarrita zeuden ordutegian hasi ziren eta hori, lasterkariek eta zaletuek, ederki asko eskertu zuten. Antolatzaileek berriz, Ezkio-Itsasoko udala eskertu nahi izan zuten lan egiteko erraztasun eta laguntza paregabea eman zuelako. Ibilbide aukeraketa ere egokia izan zela kontuan hartuz, baliteke, datorren urteko Euskadiko Kros Txapelketa bertan egitea.
Emaitza onak
Lasterketei dagokienez Goierri Garaia taldeak, Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko atletismo taldeak, emaitza txukunak lortu zituen. Nagusietan, senior mailan, David Alonso irabazlearen atzetik sailkatu zen Zipriano Burcio. Legazpiarrak, iaz eginiko lana hobetu egin zuen zilarrezko domina lortuz. Jose Manuel Manso legazpiarra berriz, hirugarren izan zen brontzezko domina lortuz. Maila honetan, taldeka, Urola Garaiko Atletismo taldeak bigarren postua lortu zuen. Senior mailan , emakumeetan, Rosi Talabera hernaniarra izan zen azkarrena. Junior mailan Urola Garaiko Josu Diezek lortu zuen urrezko domina. Proba hau, Ismael Rodrigezek irabazi zuen baina hau jubenila denez, Josu Diezek jaso zuen lehen saria. Mikel Rodrigez zumarragarra, ez zegoen gustura egindako lasterketarekin baina hala ere, zazpigarrena izan zen. Taldeka Urola Garaiak bigarren postua eskuratu zuen. Neskatan, Ana Belen Pinilla, Idoia Sorogaiztoa, Aurkene Puente eta Rakel Martinek, nahiz eta espero bezala ez ibili, amaitzea lortu zuten.