Euskaltzale lagunak:
Bi hitz eskatu dizkidate Zintzo-Mintzoko lehendakari berri bezala. Ez naiz ni oso gizon trebea hitz kontutan baina saiatuko naiz. Badira sei urte gure elkarte hau sortu zenetik eta hasierako eta ondorengo gorabehera guztiak gaindituz tinko jarraitzen du gure herrian euskararen mundua zabaldu nahian. Batzuen ustez horrelako elkarteak ez omen dira behar, hobe ala balitz, baina guztiok badakigu gure eguneroko ihardunean zein zaila egiten zaigun euskaldunoi (euskara dugunoi) euskaraz bizi ahal izatea. Euskararen egoera gertutik bizi dugunok ongi ezagutzen dugu zer den erdararen ondoan bizi izatea. Baina gure asmoa ez da aldarrikapenetan erortzea, gure asmoa ekintzen eta plangintzen bidez geroa ziurtatzea da. Badira oraindik zenbait euskaldun “inozo”, egoera, bere kabuz aldatuko dena uste dutenak, historiak aldiz, hainbat bider erakutsi digu hori ez dela horrela gertatzen.
Zintzo-Mintzoren atzean oso iritzi desberdinetako jendea dago, baina guztiok bat gatoz euskarak merezi duela eta guztion laguntza behar duela pentsatzerakoan. Urte hauetan lanean aritu diren guztiei eskerrik asko beroenak eta aurrerantzean gurekin izango ditugulakoan nago. Bestalde dei bat luzatu nahi dizuet euskaldun guztioi denon artean gure ama hizkuntzari beharrezkoa duen bultzada eman diezaiogun.
Bukatzeko Artzeren poema bat jarri nahi nuke. Laster arte.
Zaila ba zen ere lehen
areago da orain hemen
euskararen iraupena
“zenbat”en eskuetan bainoago
“nolako” euskaldunengan dago.
J.A. Artze
Pello Akizu, Zintzo-Mintzoko lehendakaria.