Ekonomikan, gainontzeko egunetan sartzen zuten egur kopuru bera sartu zuten baina, hala ere, habeak su hartu eta bost ordutan, dena erre zen. Oñati, Urola Garaia, Ordizia eta Tolosako suhiltzaileak, herritarrak, nahiz Ertzaintzak eginiko ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Zubillaga eta Izagirre sendiak, zazpi eta hiru kideko familiak, soinean zutenarekin gelditu ziren, guztia erre zitzaien eta. Lehen gaua, familiartekoekin egin ondoren, behin-behineko etxea lortzeko harremanetan hasi zen Ezkioko udala. Zumarragako udalak bi etxe utzi zizkien, bata altzariekin eta bestea gabe. Ezkioko udalak osatu zuen altzariak falta zireneko etxea, egoerari, behin-behineko irtenbidea emanez.
Berehala auzolanean
Hurrengo egunean, hilaren 16an, herri bilkura bat egin zuten, Agerre-Aundiri laguntzen komisioa sortuz. Maria Isabel Olanga, Ezkioko alkatesa eta era berean komisio honetako bozeramailea denak esandakoaren arabera, lanen banaketa egin zuten, talde ezberdinak sortuz. Diru kontuak eramango zituen taldea, auzolaneko garbiketaz arduratuko zena, prentsaz, ondareaz eta jaialdietaz arduratzeko talde ezberdinak osatu zituzten. Hamabostean behin biltzen jarraitzen dute oraindik ere.
Gabon eskeak sekulako arrakasta
Lehenengo eginkizuna baserria garbitzea zenez, auzolanetarako deialdia egin zen. Ezin hobeto erantzun zuen jendeak 30 pertsonako hiru talde osatuz. Behin lan hau amaitu eta gero, diru bilketarekin hasteko gabon eguna aproposa zela bururatu zitzaien. Gabon eskerako ohizko taldeaz gain, bi talde gehiago osatu zituzten. Afaria prestatu behar zutenak ezik, gainontzeko guztiak, gabon eskean aritu zirela esan daiteke. Diru bilketa arrakastatsua suertatu zen, 530 biztanle dituen herri batean, 731.000 pezeta bildu ziren eta. Okasiorako, Iñaki Muruak, bertsoak egin zituen.
Bestalde, errifak saltzeari ere berehala ekin zioten. Ordiziako gabon ferian eta Elgoibarko gabon zaharreko feriatan hasi ziren eta Ezkio-Itsaso nahiz inguruko herrietako taberna eta elkarteetan ere salgai daude oraindik. Zekorra, martxoaren 14an, Zumarragako Beloki pilotalekuan egingo den bertso-jaialdian zozketatuko da. Alegin izan zen Gipuzkoako Krossean, taberna bat jarri zuten pintxo eta edariak salduz. Urretxuko Ederrena pilotalekuan berriz herri kirol jaialdia antolatu zuten otsailaren 15erako. Arto-lokotx bilketan eta aizkoran neurtu zituzten indarrak Urretxu eta Ezkio-Itsasokoek.
Elkartasuna alde guztietan
Agerre-Aundiri laguntzen komisioak dioen bezala guztion laguntza eskuzabalak bakarrik arintzen ditu honelako ezbehar larriak. Maria Isabel Olangak, alde guztietan jaso duten laguntasuna aipatu nahi luke. Jendea, doan laguntzeko prest azaldu da eta hori eskertzeko modukoa da. Alegiko krossean erabilitako osagarriak ere doan eman zizkieten. Herri Kiroletako partaideak eta martxoaren 14an arituko diren bertsolariak ere doan etorriko dira. Bestalde, diruz laguntzeko zabaldu duten kontu korrontean, herriko partikularrek 555.000 pezeta eman dituzte eta kanpoko talde eta udalek berriz, 800.000 pezeta.
Oraindik ere badago laguntzerik
Martxoaren 14rako, Zumarragako Beloki pilotalekuan bertso-jaialdia antolatu dute: Egaña, Lizaso, Lujanbio, Sarasua, Irazu eta Peñagarikano arituko dira Iñaki Murua gai-jartzaile dutela. Bestalde, diruz lagundu nahi duten guztientzako kontu korronte bat zabalik dago. Hurrengoa hain zuzen ere:
KUTXA: 2101.0059.41- 0010701647 (Agerre-Aundi)
Hona hemen Iñaki Muruak gabon eskerako asmatutako bertsoak:
Etxerik etxe kanta-kantari
gabonetako oihartzuna
denok biltzeko bitarteko da
ohitura z(ah)ar ezaguna.
Famili edo lagun artean
zabaldu alaitasuna
ahaztu gabe urrun daukagun
senide edo laguna;
itxaropenez bete nahi dugu
Jesus jaio zen eguna.
Aurten helburu bikoitza dakar
gabon kantaren mezuak
Agerre-Aundi erre baitigu
suaren indar (ah)altsuak
bat egin ezik (ah)alegin denak
gerta daitezke antzuak;
borondatea eskatzen dizu
gure eztarri gartsuak,
malkoak irri bihurtu ditzan
elkartasunaren suak.
Doinua: Mutil koskor bati itsu aurreko…