Nondik sortu zen proiektu hau?
Beraiek guri esan digutenez, aspalditik zuten umeentzako futbol eskola bat sortzeko ideia. Eskaera zegoela ikusten zuten eta adin gazte horretarako umeentzako eskaintzarik ordea ez. 7eta 13 urte bitarteko umeek futbolean ikasteko aukera zehatzik ez omen zuten. Zumarraga aukeratu dute estrategikoki puntu ona delako Goierri ingurura begira eta belar artifizialeko zelaia duelako. Hau ikasteko oso egokia da.
Zuek nolatan sartu zineten proiektuan?
Beno, Musti, Alvarez eta hirurok Gorriz eta Zamoraren ezagunak ginen. Hau dela eta gugan pentsatu zuten Zumarragan eskolarako arduradunak bilatzerako orduan. Gainera, bazekiten nik entrenatzaile karneta dudala.
Zein da zuen helburua?
Futbolerako gaitasuna zuten ume batzuk aurrera egin gabe geratzen ziren. Orain, gure eskolara datozenak behintzat. euren ahalmena erakusteko aukera izango dute. Bestalde, gure asmoa herriko taldeekin eta besteekin harremanetan egotea da eta balio duten gazteei ateak zabaltzen laguntzea. Esan beharra dago eskolekin ere harremanetan gaudela eta guk eskaintzen dugun prestakuntza eurek eskaintzen dutenarekin osagarria dela.
Nola egiten duzue lan umeekin?
Esan beharra dago, futbol eskola bat bada ere, eskaintzen dugun prestakuntza orokorra dela. Hau da, helburua nagusia umeak heztea da. Diziplina eta talde lana bultzatzen ditugu eta kirolaren praktika egokia bultzatu nahi dugu txikitatik. Mediku jarraipena ere egiten zaie eta bakoitzaren eboluzioa jarraitzea da denboran zehar. Hamarreko taldetan lan egiten dute kontaktu zuzenagoa lortzeko. Entrenamenduak oso zehaztuak ditugu euren adinarentzat egokiak eta dibertigarriak izan daitezen. Uneoro burutuko dugun jarraipen eta datu bilketaren berri emateko gurasoekin bilerak izango ditugu. Hauetan euren seme-alaben ahalmenak nondik bidera daitezkeen agertuko diegu.
Nolakoak dira entrenamenduak?
Astean bitan entrenatzen dute, ordu eta erdiz. Entrenamenduak dibertigarriak izan daitezen saiatzen gara. Berotzea, baloiarekin ariketak, joko desberdinak, luzatze-ariketak eta abar egiten ditugu. Helburua ikastea eta ondo pasatzea da.
Zer nolako erantzuna jaso duzue?
Arduradun nagusiek esan dutenez, espero zutena baina erantzun hobea lortu dute. 15-20 ume inguruk jada eman dute izena. Kontutan izan behar bada oso garai txarrean hasi garela. Gure asmoa kurtso hasieran hastea zen, baina uste baina beranduago hasi gara eta gauza hauetarako hobe izaten da kurtsoarekin batera hastea.
Bukatzeko esan nahiko nuke udaleku batzuk antolatzeko asmoa daukagula Iruñan, Osasuna futbol taldearen egoitzan . Modu honetan, gure ikastaroa herri desberdinetan egin duten haurrak, elkarrekin egongo lirateke adiskidetasunean gehien atsegin zaiena eginez.
Bittor Ansorena Urolako presidentea
Urolaren futbol eskola betiko martxan
Oreka kirol eskolaren ezaugarriak bereziak badira ere, lehenagotik ere bagenuen futbol eskola Zumarraga-Urretxun. 1993.urteaz geroztik, Urola futbol taldeak eskola propioa du eta honen berri, Bittor Ansorena presidenteak eman digu.
Urolako infantiletara heltzen ziren gazteek, 13 urte, futbolean heldutasun gutxi zutela konturatu ziren. Hau dela eta, 10-12 urte bitartekoentzako eskola antolatu zuten. Bere helburua, gazteak Urolan jokatzeko prestatzea da. Honetarako ekainean, eskola ezberdinetako arteko txapelketa antolatu eta bertan hobekien dabiltzanak aukeratzen dituzte. Mutikoak bi taldetan banatuak daude adinaren arabera, astean bitan entrenatzen dute, bi orduz eguneko eta entrenamenduen helburua gazteen artean talde lana eta adiskidantza bultzatzea da. Bestalde, larunbatero partiduak jokatzen dituzte, urtean behin Frantziara joaten dira txapelketa bat jokatzera eta Iñaki Mendiluzeren omenezko torneoan ere parte hartzen dute. 12 urterekin, eskola honetan bukatu ondoren, onenak Urolako elastiko horia jazten dute. Ansorenak esandakoaren arabera, bi eskolen artean ez dago inongo konpetentziarik.