Herri Batasunak, gasaren fakturetan iruzurra dagoela dio (035. alea)
Zumarragako Herri Batasunak prentsaurrekoa eskaini zuen Amalur Elkartean Natur Gaseko fakturetan dagoen ustezko ilegaltasuna salatu eta jendea informatzeko. Joxean Alustiza eta Mikel Elgarrestak esandakoaren arabera, iruzurra, instalakuntza ikusketa eta alta eskubidea kobratzerako orduan dago. Natur Gasek berriz, eskutitz bat bidali du etxeetara, tasa hori legezkoa dela esanez eta dirua itzuli beharreko kasuetan, bai salaketa jarri dutenei eta baita jarri ez dutenei ere itzuliko zaiela argituz. Alustizak ordea nahaste handia dagoela dio, izan ere, Jabier Retegi industria Sailburuak, eskubide hoiei dagokien tasa, orain jartzera doazela esan omen du eta orainartean kobratu dena baino gutxiago bada, dirua, salaketa jarritakoei itzuliko zaiela adierazi. Herri Batasunak ordea, kontsumitzaileei guztiei, tasa osoa eta dagokion BEZa itzuli behar zaiela pentsatzen du, tasa legez kanpokoa delako. Salaketa jartzeko honako hau da jarraitu beharreko bidea: Denuntzia orria bete (Amalurren banatzen dena), kopia bat egin eta zigilua jarri, sinatu eta kopia bat Industria Delegaritzan entregatu. Behin hau egin ondoren, zigilatutako orria, kontratuaren kopia eta gasaren lehen faktura Donostiako Urkoa-Eka kontsumo bulegoan utzi. Bulego hau izango da epaitegira joan beharra suertatu ezkero, gai hau bideratuko duena. Herri Batasunak, Amalur Elkarteko ateak zabalik izango ditu apirileko lehen astean iluntzeko 7etatik 8etara gai honi buruzko informazio gehiago emateko. Dena den norberak bere kasa informatu nahi badu, Urretxuko Kontsumitzaileen bulegoan ere galdetu daitekeela argitu du Herri Batasunak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide