Zenbat urte igaro dituzu taldeko zuzendaritzan?
Zuzendaritzan 90/91 denboraldiaz geroztik nabil, beraz, zortzi denboraldi igaro ditut. Lehenengo bi urtetan direktiboa izan nintzen eta ondorengo seietan presidente.
Zeintzuk dira kargua uzteko arrazoiak?
Ez da nire lanaz nazkatuta nagoelako, futbola izugarri atsegin baitut. Baina hainbeste urte futbolari eskaini ondoren, bizitzako beste arlo batzuei ere garrantzia emateko garaia heldu dela uste dut. Gainera jende berria behar dela uste dut, ideia berriak ekarriko dituen jendea. Zuzendaritza, egun, hamar pertsonez osatua dago eta oso zaila da horren talde zabala luzaroan mantentzea. Zuzendaritza osoak dimititu dugu eta ea talde berriren bat aurkezten den.
Itxaropenik ba al duzu?
Oraindik ez dakigu inor prestatzen ari den. Ziur gaude norbait aurkeztuko dela, baina hala ez balitz, egoera bideratzeaz bi udalak arduratu beharko lirateke. Egungo zuzendaritzakook argi dugu, gure aroa bukatu dela.
Zeintzuk izan dira urte hauetako guztietako gauzarik onenak eta okerrenak?
Gauza gehienak positiboak izan dira. Zazpi talde ditugu poztasun eta tristurak eman dizkigutenak. Mailaz igotzean poza eta jaistean tristura. Jubeniletako ohorezko mailako taldea aurten Euskal Ligara igo eta poz handia emango digula uste dut. Gainera, lehen taldeak ondorengo urteetan hirugarren mailara igotzeko aukera izatea espero dugu.
Nola ikusten duzu egungo egoera?
Egun dagoen arazo larriena, gu bezalako taldeentzat, Canal Satelite Digitalarena da. Izan ere, Errealaren partiduak telebistaz gurearen ordu berean eskaintzen dituzte. Beharbada, partiduaren eguna aldatzea pentsatu dugu. Baina Urolako afizioa oso leiala da eta beti 500 bazkide inguru izan ditugu, baita egun ere. Aukera hau aprobetxatu nahi nuke, bazkideei eta Zumarraga- Urretxuko merkatariei eskerrak emateko. Beti laguntzeko prest izan dira eta beraiei esker jo dugu aurrera.
Zer mezu bidali nahi duzu lagun talde bat zuzendaritza hartzera animatzeko?
Futbola atsegin badute, lan hau oso gustura egingo dutela ziur nago. Lagun talde batek ardura hartzen badu, lana askoz arinagoa egingo zaio. Urolak zuzendaritza ona merezi du eta ziur nago poz handiak izango dituztela. Egun, Urolan dauden guztiek, oso harrera ona egingo diete eta gu, nahi duten guztietan, eurekin edukiko gaituzte.
Nor izan da Urolako jokalaririk onena urte hauetan?
Ezin da izen bat esan. Jokalari on asko izan dira: Mitxel, De Luz, Bixio Aranburu, Mendiluze, Esnal…
Esaiguzu zerbait jokalari hauetaz hitz gutxitan.
.- Musti Mujika: Jokalari ona, pertsona bezala bakarra.
.- Mitxel: Jokalari oso ona, goleatzailea.
.- De Luz: Indarra eta kemena.
.- Esnal: Bihotz handikoa.
.- Alberto Alejandro: Jokalari handia izatera heldu daiteke.
Zer nolako harremana daukazue Errealarekin?
Oso harreman ona dugu eta Errealaren ateak zabalik ditugu nahi dugunerako. Pena bat dut, nik utzi baino lehen, Erreala ez dela Argixaora entrenatzera etorriko.
Ez al duzue pentsatu Athleticekin joatea?
Ez, ez. Guk dakigunez, Athleticek, bere babesean dauden taldeei eskaintzen diena, Errealaren aldetik jasotzen dugunaren oso antzekoa da. Gainera, gure bazkideen zerbitzura gaude eta hauen gehiengoa, txuri-urdina da.