Asteazkenean, hitzaldi batzuk aurrera eramateko herritarrekin elkartu ginen Urretxuko Kultur Etxeko aretoan. Ikuspegi lokal batetik eta Urretxuko Osasun Diagnostikoan markaturiko gaiak kontuan izanik, hitzaldietan hiru gai sakondu genituen: Ura, airea eta hondakinak. Gipuzkoako Ur kontsorzioak Ura, Foru Aldundiak Atmosfera eta Sasietako Mankomunitateak Hondakinak gaiak aurkeztu zituzten. Hitzaldi hauetan 20bat ikusle izan ziren.
Ostegunean, Ingurugiroarekiko interesa zuten Mairi elkarteko 40 bat emakumez osatutako taldea bildu zen. Egun honetako iharduerak 2 ordu iraun zuen eta planifikaturiko guztia eraman zen aurrera. Partaideei oro har, oso atsegina eta interesgarria iruditu zitzaien egun honetako iharduna.
Ostiralean “Ekologia eta gizarte ingurunea” titulupean bestalde, bost hizlarik ekologiaren ikuspegi soziala agertu nahi izan zuten mahai inguru batean. Hizlariak, herriko ikastetxeetako 2 ordezkari, CEIDAko teknikari bat eta bi talde ekologistako (Berdeak eta Eguzki) ordezkari bana izan ziren. Egun berean, “Zabor Orduaren Lehiaketa”ko sari banaketa egin zen.
Larunbatean, herriko haur eta gazteentzako ekintzak antolatu genituen, goizean, 60 haur eta gazte baino gehiagoren partehartzea izan genuelarik. Urretxun zehar ibilbide ekologikoa burutu ondoren, beste zenbait ekintza garatzean, haurrek konpromezu gutun erraldoi bat idatzi zuten. Arratsaldean, berriz, 140 bat haur elkartu ziren bi ordutan, prestatuta zeuden jolasak aurrera eramateko.
Aipagarria da ekintza guztiak izandako eragin soziala eta era berean, azken egun honetan haurrekin batera aritu ziren begiraleen lan paregabea ere eskertzeko modukoa da.
Bestalde, aste osoan Aldaketa erakusgelan, Sasieta Mankomunitateak hondakinen kudeaketan egiten duen lanaren triptiko eta azalpenak ikus ahal izan dira erakusketa batean. Denera, 300 bat lagunek bisitatu dute erakusketa hau.
Urretxuko I.go Ingurugiro Astearen balorazioa bukatzeko, hasiera batean programa honetan planeaturiko helburuak bete direla esan daiteke. Honez gain, esan behar da 6 hilabeteko prestakuntza lan gogorra suposatu duen aste honekin bukatu ondoren, ekintza guztiak antolatu ditugun teknikari eta hezitzaile taldea, oso gustura aurkitzen garela lorturiko emaitzekin.
Gure ustez, Ingurugiroaren alde egiten diren iharduera orok, ez dira nahikoak, egitear geratzen den guztia ikusita. Horregatik, I.go Ingurugiro Astearekin hasiera eman diogun lanari, jarraipena emateko nahia dugu.
Urretxuko udaleko ingurugiro teknikaria