Ibilbide hau bultzatzeko asmoz, apirilaren 23tik 26ra Bartzelonako turismo ferian izan ziren eta maiatzaren 6tik 10era, berriz, Bilboko feriara joango dira. Gainera, Foru Aldundiko Ekonomi eta Turismo sailak Euskadiko hiriburuetan ezarriko dituen karpetan ere ikusi ahal izango da Hiru tenpluen ibilbidea. Promozio kanpaina aurrera eramateko, logotipo, pin, kartel eta liburuxkak kaleratu dituzte.
Tenpluaren aitzakiarekin, eskualdeek dituzten gainontzeko errekurtso turistikoak ere ezagutzera eman nahi dira. Urola Garaiaren kasuan, turistak, Antiguako Ermita ikusteaz gain, Lenbur, Legazpi Etxea, Iparragirreren estatua, mausoleoa eta abar ezagutzeko aukera izango dute. Epe luzera gainera, Hiru Tenpluen Ibilbide hau, nazioarteko ibilbideetan sartzeko asmoa dago, Lourdes, Sant Michael eta Fatimakoaren batera.
Apirilaren 1ean, Zumarragako udalean, Ur Araztegiaren aurkezpena burutu zen. Proiektu honi esker, Urola ibaia, garbia geratuko da bi urteko epean. Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, Jose Antonio Maturana, Eusko Jaurlaritzako Herri Lanen Sailburua izan zen. Ur Araztegiaren eraikuntza lanak, Pridesa, Nexo taldeko enpresak burutuko dituela esan zuen. Mila milioiko aurrekontua beharko da ur araztegia egiteko eta aurrekontuari, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Uren Partzuergoak egingo diote aurre erdibana.
Lanak, maiatzaren amaiera aldera hasiko dira eta 2.000. urtea baino lehen amaituta egon beharko dute.
Hizkuntz ihardunaldiak
Maiatzaren 7an, 13an eta 20an arratsaldeko 6etan, Zintzo-Mintzo elkarteak antolaturik hizkuntz ihardunaldiak izango dira Urretxuko kultur Etxean. Ikastaroaren gidariak Juan Garzia, Pello Esnal eta Xabier Mendiguren izango dira. Hizkuntz ihardunaldi hauek doan eskainiko dira.
Bestalde Bisasti AEK euskaltegiak Euskara hobetzeko ikastaroa antolatu du maiatzaren 5 etik ekainaren 25 a arte. Astean bi egunetan izango da, astearte eta ostegunetan eta . Ikastaroak 30 orduko luzapena du. Prezioa 6.000 pztakoa da eta informazio gehiago nahi izanez gero 720458 telefono zenbakira dei dezakezue.
J.M Iparragirre ikastetxean Aste Kulturala ospatu zen
Martxoaren 30etik apirilaren 3ra burutu zuten J.M Iparragirre ikastetxeko ikasleek Aste Kulturala. Hainbat hitzaldi, antzerkia, diapositiba emanaldiak eta bertsolariak izan ziren. Ordubete inguruko saioa eskaini zuten Andoni Egaña, Xabier Euskitze eta Jesus Mari Irazuk giro aparta sortuz.
Maiatzaren 21ean, Goierri eskualdeko merkatarientzako jardunaldiak izango dira Ordizian.
Eusko Jaurlaritzako Merkataritza sailak, datorren maiatzaren 21en Ordizian, “Gestioa hobetzeko plana” izeneko programa merkatari guztiei ezagutarazteko informazio ihardunaldia egingo du. Programa hau daramaten gestioaren atal ezberdinen ikerketa egitea nahi duten merkatariei zuzendutako doaneko zerbitzua izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943160673 telefonora dei dezakezue.
Prudentzio Deuna bertso sariketako txapelak Urretxun jarraitzen du
Aurtengoan ere berri pozgarriak iritsi zaizkigu Gasteiz aldetik, bertan, Asier Otamendi urretxuarrak bigarren aldiz lortu baitu Prudentzio Deuna bertso sariketa.
Finala apirilaren 19an burutu zen Florida Kultur Etxean eta Otamendiz gain, beste bost bertsolari aritu ziren txapelaren atzetik.
Otamendik ez zuen bertsotan ohi duen maila eman baina ez zuen hanka sartzerik egin eta txapela lortu ahal izan zuen. Ea hemendik urtebetera hirugarrenaren berri ematerik dugun.
.