Probokatzailea, umorea eta era berean beldurra sortu nahi duen anitz kulturaduna. Estatu Batuetan jaio nintzen, Frantzian ere bizi izan naiz eta Espainian, duela bi urte hasi nintzen emanaldiak eskaintzen. Bizitzan ikusten ditudan kontraesanekin, hausnarketa eta barrea sortaraztea dut gustuko. Bizitzan beti daude kontraesanak eta probokatzaile komikoaren zeregina, horiek salatzea da.
Hainbat urte zirkoan egin ondoren, zerk bultzarazi zintuen zirkoa uztera?
Zirkoak ni utzi ninduen eta ez nik zirkoa. Nik eszenatokira eramaten dudan espiritu barregarri eta anarkikoa, nire aitak, aitonak, birraitonak eta abarrek egindako bera da. Zirkoa ordea, zoritxarrez, umeentzako espektakulu izatera heldu da. Lehen ordea, adin guztietako jendea joaten zen zirkora. Lehen zirkoak zuen garrantzia futbolak hartu du orain. Etorkizunari aurre egin nahi niolako hartu nuen zirkotik irteteko erabakia.
Espektakulu mota hauekin, zein da zure helburua?
Jendea harritzea. Helburua jendea harritzea denean, gizarte honetako hainbat gauzaren aurka zoazela esan nahi da. Ohitura ez den zer edo zer plazaratzea da. Petardo bat jarriz edo ezberdina den iritzi politikoa emanez sortu daiteke jendearen artean harridura. Pertsona arrunten artean, egunero bizitzeko erritmo bera dutenen artean desoreka piztea dut gustuko.
Zer da gizarte honetan gustukoa ez duzuna?
Nahiz eta serioa iruditu, oso pertsona alaia naiz eta baita baikorra ere. Mundu honetan gauza asko dira gaizki doazenak baina jarrera baikorrarekin, arazo guztiak konpondu daitezke.
Asko inprobisatzen al duzu zure emanaldietan?
Nire antzezlan guztiek hasiera eta amaiera bat dute baina tartean, jendeak nola erantzun behar duen ez dakidanez, ez ustekoak izaten dira. Gidoia beti dut prestatua baina arrantzan gertatzen den bezala, batzutan arrai txiki bat arrantzatzen duzu, beste batzutan arrai handi bat eta beste batzutan, ezer ez, gau bakoitza ezberdina da.
Noizbait jendeak modu txarrean erreakzionatu al du zure emanaldietan?
Askotan. Italia, Alemania eta Estatu Batuetan erasoak jasan ditut. Emanaldia amaitu eta gero ikusle batzuk kanpoan itxaron eta besoa, saihets bat, behatz bat eta hortza apurtu zidaten. Hortza apurtu zidana adibidez zoro bat zen. Emanaldi batean Volvo markako kotxe bat apurtu nuen, jostailua noski. Ondoren, pertsona hori etorri eta hildakoei farre egin niela esan zidan. Nik ez nekien zertaz ari zen. Azkenean, bere anaia biegun lehenago Volvo batean istripuz hil zela jakin nuen. Nola jakin behar nuen nik hori aurretik?
Zer iritzi duzu telebista eta antzerkiaren gaur egungo egoeraz?
Ezin dut gehiegi hitz egin ez baitut bertako egoera ondoegi ezagutzen. Azkenaldi honetan Alemanian nabil antzezten, atzo Ermuan, gaur hemen eta bihar Arrasaten antzeztu behar dut baina ez dakit gehiegi bertako egoeraz. Antzerkia garrantzia galtzen ari da telebista kate ugari eta zinea sortu direlako. Telebistan agertu beharra dago emanaldiak izan eta jendea zu ikustera etor dadin. Gogorra da baina egia.
Gustura al zaude Canal + eko “Lo + plus” saioan?
Bai, ez didate mugarik jartzen eta hori ona da. Okerrena 2,3 minutu baino ez ditudala izaten dena egiteko da. Alemaniatik hegazkina hartu, agerraldia egin eta berriz ere buelta egiten dut berehala, nekagarria da baina tira.
Itzuliko al zinateke TVEra?
Ja, ja…Badakit zergatik galdetzen didazun hori. Gaizki ulertua izan zen. Programa modernoa, nahi nuen guztia egin ahalko nuela esan zidaten baina bertara joan eta higuingarria zela konturatu nintzen. La 2eko Hallebop programa zela uste dut, hain txarra zenez, kendu egin zuten. Bertako ikusleak amonatxoak ziren eta zera pentsatu nuen; nik hauentzako emanaldia eginez gero, nire betiko ikusleak haserretu egingo dira. Beraz,nahiago nuen amonatxoak haserreraztea eta horregatik jan nuen zuzenean zakurraren kaka. Sekulako eskandalua izan zen eta TVEko batzuek, berriz, ez nintzela kate horretara itzuliko esan zidaten.
Zein da eszenario gainean inoiz egin duzun zorakeriarik handiena?
Italian, “Heavy metal”-eko kontzertu batean izan zen. Aurretik, Italiako Aire Armadako Ejerzitoarekin negoziazio luzeak izan nituen F104 markako sei ehiza hegazkin lortzeko. Koronelak ez zidan utzi nahi baina azkenean konbentzitu nuen gazteak ejertzitoan sartzera bultzatzeko aukera paregabea zela esanez.Gezurra zen noski. Akordioa, ordu jakin batean, sei hegazkin horiek, kontzertuko eszenatokitik, 30 metro eskasera igaroko zirela zen.Koronelak ez zekiena, nik ordu horretarako suziriak prestatu nituela zen. Kontzertu “heavy” horretako eszenatokian nengoela, jendeak hasieran putaseme eta zaharra deitzen zidan baina gero, ederki asko konpondu ginen. Militarrak kontzertua boikoteatzera zihoazela esan nien baina era berean, lasai egoteko, kohete eta gainontzeko materiala banuela eta kontraerasoa egiteko. Ikusleen artean kohete eta suziriak banatu eta hegazkinak iristean, sekulakozarata eta festa izan zen. Gainera gero, hegazkin gidarien ez usteko bisita izan genuen, lur hartu aldatu eta kontzertura etorri ziren. Nire bila zetozela pentsatu nuen baina zoriontzera etorri ziren, beraiei ere asko gustatu zitzaiela esan zidaten.
Zer dakizu Euskadiri buruz?
Gutxi ezagutzen dut. Gasteiz, Eibar eta Donostian egon naiz. Euskaldunak gogorrak dira eta gustukoa dut, nire emanaldiak ere gogorrak direlako. Gainera, Euskadi, Erromatar Inperioak konkistatu ez zuen lurralde bakarretarikoa da eta horrek zirrara ematen dit. Euskaldunak, indartsuak eta norberarengan konfidantza dutenak direla iruditzen zait.
Amaitzeko, esan nahi duzuna.
Jendea, nik egiten ditudan tontakerien mamiaz jabetzera nahiko nuke. Atzean, bizitza eta gauza garrantzitsuei buruzko erreflexio bat dagoela konturatzea alegia. Hau da guztia.