-Zeintzuk dira txapelketaren ezaugarri nagusiak?
Izen ematea doan da eta nahi duten guztiek parte har dezakete. Pelotariak bi mailatan banatuak daude, lehenengo mailan aurten 6 bikote daude eta bigarrenean 11. Lehen mailan denek denen aurka jokatu eta ondoren lau onenek final erdiak jokatuko dituzte. Bigarren mailan 6 eta 5 bikotez osaturiko bi multzo daude. Talde bakoitzeko onenek final erdiak jokatuko dituzte euren artean.
-Maila ona al dago?
Bai, izan ere afizionatu mailan ondo dabiltzan bikoteak herririk herri ibiltzen dira txapelketa ezberdinetan jokatzen. Bestalde, herrietako txapelketa hauetaz gain, Gipuzkoako txapelketa ere badute eurentzat.
-Zeintzuk dira bikote onenak?
Aizarnazabalgo Moxo eta Garikoitz, Debako Egaña anaiak eta Urretxuko Benito eta Laka azpimarratuzko nituzke. Egaña anaiak Gipuzkoako txapeldunak dira eta Benito-Lakak askotan irabazi dute txapelketa hau.
-Zein sari eskaintzen zaie garaileei?
Bi mailetako garaileak kopa, txapela eta palak izango dituzte sari gisa. Bestalde, final erdietara heltzen direnek afaria izango dute.
-Zer berezitasun du txapelketa honek?
Berezitasun nagusia estali gabeko frontoian jokatzen dela da. Hau hasieran pelotariei arraroa egiten zaie. Izan ere, ez dago atzeko paretarik eta beraz erreboterako aukerarik ez. Gainera pelotariek frontisa oso txiki ikusten dute, zerua, pareko etxea, zuhaitzak… ere ikusten baitituzte. Euria egiten duenean Beloki frontoian jokatzen dira partiduak, baina orduan jende gutxiago hurbiltzen da. Badirudi jendeari partiduak eguraldi ona dagoenean ikustea atsegin zaiola.