Negoziaketa luzeak
Gaztelekua botatzeko asmoa zegoela jakin zutenean, bertako gazteek, beste berri baten eskaria luzatu zioten udalari. Bi aldeek Urretxuko Urola trenaren geltokia izango zela bilgune berria erabaki zuten azkenean eta honekin batera, baldintza batzuk onartu zituzten. Hauen artean deigarriena, ordutegiari dagokiona izan liteke. Gaztelekua, elkarte bat izatean, 2. mailako taldean sartzen da. Ondorioz, neguko astebukaeretan, gaueko 1:30ean eta udako astebukaeretan, gaueko 2:00etan itxi beharko da. Gaztelekua bota eta berria egin bitartean, udalak, behin-behineko lokal bat eskaini die gazteei baina hauek, nahiago dute Gazteleku berria izango den lokalean lanean hasi, itxurazko egoitza berreskuratzeko.
Lan da lan auzolan
Urretxuko udalaren aurrekontuan egoitza berria eraikitzeko, 9 milioi (5 aurten eta 4 iazkoan) daude aurrikusita. Gazteek, beheko solairua auzolanean egiteko konpromezua hartu dute eta momentuz, jendearen erantzuna ezin hobea izan da. 200 pertsona inguruk eman dute izena eta nahiz eta amaitzeko eperik ez jarri, zazpi hilabetetan bukatu nahiko lukete. Gazteleku berriaren proiektua ere, eurek eginikoa da. 9 milioi berritze lanak aurrera eramateko diru nahiko ez eta horregatik, Zumarragako jaietan, txosna jarri zuten eta errifak ateratzeko asmoa ere badute.
Sinadurak aurka
San Martin auzoko bizilagun batzuk ordea, ez dute begi onez ikusi Gaztelekuaren kokapen berria. Honen lekuko dira alkatetzara aurkeztu diren 112 sinadura. Sinadura hauen artean, kokapen berri honen aldeko iritziak ere badaude. Udalak, egoera hau argitzeko asmoz, bilera bat antolatuko du, bertan, San Martingo bizilagunak, Gaztelekuko gazteak eta udala bera izango direlarik.
Gernikako plaza berritua
Gazteleku zaharrak Gernikako plaza berritu bati utziko dio lekua. Hain zuzen ere, Gaztelekua zen toki berean, Gernikako Arbolaren ernamuin bat jarriko da. Bilgune plaza izateaz gain, hainbat ekintza burutuko den plaza izatea ere nahi da. Horrela, jendea esertzeko harmailak ere egingo dira. Oinezkoentzat soilik izango denez, aparkaleku eskasiari aurre egiteko, udalaren eta Eroskiren artean sinatutako akordio bati esker, 23 plaza izango dituen lur azpiko parking bat egingo da. 27 milioiko aurrekontua duen parkinga Eroskik ordainduko du. Dena den, Eroskik oraindik ez du erabaki dendako ordutegitik at, herritarrek bertan aparkatu ahal izango duten. Berdegunez hornitutako plaza izango da Gernikako Arbola eta ez du oztopo arkitektonikorik izango.
Espiral moduko eskailera bat ere izango du plaza berriak, parkinga, Eroski eta estankoa elkartuko dituena. Orotara, 81 milioiko aurrekontua du, berehala hasiko dira lanak eta Santa Lutzi egunerako amaitua egotea espero da. Urretxuko jaietan beraz, ezin izango da Gernikako Arbola plaza erabili.
Gazteleku: Urolako ahate itsusia
Egunak beharrez bete betea esnatzen den ordu kaotiko horretan, zazpiak aldera, Gaztelekuren oinek dardar egin zuten. Etxearen zimenduak luze eutsi zion hondeagailuaren erasoari, ez dudarik egin! Eta egun batez, holaxe, begien bistatik osorik desagertzen da hogei urteko historia bizia. Zoroa ideia. Nik eta nire antzera Urretxu-Zumarragako gazte askok, disimulatu ere ezin dezakegu geure pena.
Idazki hau ez da hildakoari lustrea ateratzeko horietako omenaldi bat, Gaztelekuk, 1978tik 1998ko ekainaren 25 arte Urretxu-Zumarragan utzi duen itzal handiari goresgarri zurbila baizik. Bide zaharrak igaro eta berreskuratu. Eta atzera begiratu.
Bi herri hauetako jendeak, ezagutzen ez duen edozein gauzaren aurrean, mespreziotsu agertzeko joera jeneralizatua du. Eta ezjakintasunarekiko zaletasun horrek, Urretxu-Zumarragako bizitza sozial eta kulturalean Gaztelekuk izan duen garrantzia ere faltsutzen du. Betaurreko atzerakoidunek droga, zarata eta “itxura txarreko gazteak”, marjinaltasun giroa besterik ez dute ikusi. Ez dute ordea, adorerik aski izan, bere historiak gauzatutakoak guztira duen balioan erreparatzeko. Aldarrikapen gune apolitikoa (hori ez du ezein siglarik aldatuko) izan da Gazteleku. Hori izan da, besterik gabe, bere arazoa.
Hogei urte horietan lan egin, sortu egin dute, elkar egin dute Gaztelekun, menpekotasunik gabe eta askatasunez, kultura eta gizarte garapenerako kezka, ideiak, pentsakerak eta jatorri ezberdinetako belaunaldiek. Betidanik, talde-lanak proposatu ditu, ugariak ekintzak. Izen abizenak dituzten protagonistei esker, askoren borondatezko ahaleginei esker egin ahal izan den lana: El Piojo Rojo (1985,86,87) eta Potrokolpek (1996) bertatik sortu ziren bi fanzinei eman zioten izena. Hasierako urteetan, herrian jaiotako margolariek, Aldaketan erakusten zituzten beraien artelanak. Jazz jaialdiek (1987,1992) estatu mailan, zirkuitu garrantzitsuenean lekutu zuten Urretxu. Zinemak zeuden garai urrun hartan, baita filme ziklo underground-ak antolatu ziren (1988,1990), gogoratzekoa da, “oscarrak” parodiatuz, gazte anitzen parte hartzeaz buruturiko estreinaldia, eta hortxe Felixin Devil (1985) laburmetrai bikaina gauzatu ahal izan zuten. Egun, “Antzerki Asteaz” ezagutzen denaren bertsio ez ofiziala, “Los comediantes de la luna” talde bilbotarraren lanarekin lau pareta horien artean eratu zen. Requejo, Emma Zunz, Peio Biain, Txema Iriberriren ipuinak eta Juan Carlos Moreno “Primo”, Koldo Cadierno, Benjamin Probanza eta Patxi Sanchezen ilustrazioak biltzen dituen Tras la Capa del container argitalpenarekin (1988), poesia errezitaldi ezberdinekin edo eta “Maitasun gutunen lehiaketa”-rekin (1996), literatur ardura ere erakutsi zuen. Bertako eskenatoki txikiak, RIP, Delirium Tremens, Su ta Gar, Josi y Los Javis, Lau Behi, Beti Mugan, Jabier Muguruza, Polito Ibañez, Ke Rule, Ñako Goñi, Angel Unzu, Blue Rags, Valle del Dom, S.E. Soul Band, Nacho Mediavilla, Marrubi Sound, Le Pendu, Hot Dogs eta abar kanpoko eta bertako berrehundik gora talde eta abeslari garrantzitsuen urratsak jarraitu eta elkarren segidako lau urtetan burututako “Aste Akustiko” arrakastatsuaren dibertimenduak kulunkatu zituen azken unera arte. Etxe horretan urtero-urtero antolatu eta ospatu ziren ekintzak ere izan dira: Futbolin, mus eta xake txapelketak, nesken Errioxara ibilaldiak, Emakumearen eguna eta mendi irteerak. Hortik, eskalada ikastaroak proposatu ziren. Gai ugari ezberdinen inguruan (droga, politika, antimilitarismoa, Abiadura Handiko Trena, eta abar) ihardunaldiak, hitzaldiak eta mahai inguruak prestatu ziren bertan.
Horiek eta beste errealitate batzuek, proposamen guzti horiek, ilusio guzti horiek, frakasu eta amets guzti horiek, etorkizun abentura horiek, batera, Urretxu-Zumarragako oraina eraikitzen joan dira. Eta gaur, aurrera begiratuz, ez dakit, gizartea eta Gaztetxe berria noraino dauden prest edo gertu eraikitze zibila eta kultural horri jarraitzeko. Baina Gaztelekuk emandakoa, eta bere erreferentziak probetxugarriak izan dira. Dagoela argi. Eta orain, beharrezkoak.
Bukatu da. Bizitza ezberdin baten aurrean gaude. Errazagoa eta egiazkoagoa bihurtuko da dena, iragana eta oraina, ikuspegi plural batez ulertzen baditugu. Heldu gabe geratutakoa dagoen bezala utziaz. Alferrik, sentimentalismoaren sutzarrean erretzea. Oroitzapena oroitzean, berritu.
Juan Deuna gauean, inoiz baino ederragoa ikusi nion bihotz-behien kolorea.
Lagun min bat galdu izanaren susmoarekin abiatzen naiz egunaren argi-ilunetan barna. Gazteleku, adiskide, adiorik ez.
Araiz Padrón Plazaola