Epe motzean, Ertzaintzak Urretxun izan dituen jokabide biolentoak salatzeko modukoak izan dira: Batetik, baimendutako manifestazioa lehertu zuen, jendea joz eta tiro eginez. Bestetik, Gaztelekua botatzeko egun bat gelditzen zela, bertan sartu eta “Arkauten ikasitako porraren dialektika” erabili zuen. Bi jokabide hauen aurrean, gure ustez, herriarekiko alkatearen hutsunea handia izan da.
Ertzaintzak, herrian gaizki egindakoaren kontra azaldu ez den eta jipoituei laguntza ukatzen dien alkateak, Euskal Herrian eman diren hainbat gehiegikeria polizialaren aurrean orain arte espiritu poliziala izandako barne ministro eta kontseilariak gogorarazten dizkigu. Edozein herritarrek jasan dezakeen agresio poliziala, alkateak, bere kontrako eraso balitz bezala ez badu hartzen, poliziei edonor gaizki tratatzeko baimenaren antzeko zerbait ematen die, nahiz eta gazteak eta ezker abertzalea izan, polizien lehentasuna.
Jon Mikel Irigoras eta Jesus Maria Urbegain Urretxun, HBko zinegotziak