Nola izan da fitxaketa aurretiko prozesua?
Entrenamendu baten ondoren, etxean lasai-lasai nengoela, Athleticeko Jon Aiestaranek deitu zidan hurrengo denboraldiari begira fitxatu nahi nindutela esanez. Bi aldeak ados jarri ginen baina Urolari abisatu behar zioten eta Urolak Errealarekin hitzarmen bat sinatuta duenez, ez zuen begi onez ikusi akordio hau. Ondorioz, Athleticek niganako interesa erakutsi ondoren, Errealetik deitu zidaten proba batzuk egitera joan nendin eta behin proba hauek egin ondoren ezer esan ez didatenez, Athleticekin fitxatzea dela egokiena ikusi dugu.
Zure aukeraketak Gipuzkoan gaizki ulertuak sor ditzakeela uste al duzu?
Ez dut uste. Agian norbaiti ez zaio ongi irudituko, batik bat Erreala eta Athleticen artean dagoen lehia handiegia delako baina nire kasuan garbi jokatu dudala uste dut. Athleticekin fitxatu aurretik Errealarekin proba batzuk egin ditut eta azkenean ez dute niganako interesik erakutsi. Athleticek ,ordea ,bai beraz, normalena egin dut.
Zerk bultzatu zaitu Athletic aukeratzera?
Athleticek gehiago zaintzen du kantera. Niri adibidez, erresidentzia ikasketak eta bidaiak ordaindu egingo dizkidate. Gainera, etorkizunari begira, ikasketa unibertsitario gehiago daude Bilbon eta bere inguruan.
Beraz, nahiz eta talde zurigorriarekin fitxatu, ikasketetan arduratsu jarraitzeko asmoa duzu.
Bai. Gure taldetik, agian, bi edo hiru jokalari bakarrik iritsiko baitira lehen taldera. Ikasketei garrantzia handia ematen diete Lezaman. Derioko erresidentzian egongo naiz urte osoan ESOko 4. maila ikasten eta ahal dudanean, astebukaeretan, etxera itzuliko naiz bisitan. Igandean jokatzen badugu, ostiralean etorri eta larunbatetan itzuli beharra dut. Partidua larunbatean izaten bada, gauean etorri eta igandean itzuliko naiz. Parrandak amaitu dira niretzat.
Zure entrenatzailea izango denarekin, Txingurri Valverderekin hitz egiteko aukera izan duzu. Zer esan dizu?
Lezamako futbol zelai eta aldagelak ikusten izan ginen Amorrortu eta Valverderekin. Batik bat, lotsarik gabe eta dakidan bezala jokatzeko esan zidan Valverdek, ongi pasatuko dugula. Arrasateko bat, Tolosako beste bat eta ni izango gara datorren denboraldian jokalari berriak Athleticeko kadeteen taldean. Ikusten duzun bezala ez naiz gipuzkoar bakarra izango. Bestalde, nire kasa egin beharreko ariketa batzuk eman dizkidate eta futbol eta futbitoan ez jokatzeko agindua dut. Saskibaloia, igeriketa eta frontoiko kirolak egitea gomendatu didate.
Urolako kadeteek eginiko denboraldi bikainak ere izango zuen zerikusirik fitxaketa honetan.
Ez dakit. Nik ez nuen ezer espero. Bat-batean, ohean nengoela, telefonoak jo zuen eta nire aitak talde zurigorriak fitxatu nahi ninduela esan zidan. Egia da Urolan denboraldi ederra egin dugula. Bi entrenatzaile eta jokalari guztiek lagun talde sendoa osatu dugu eta futbolean jokatzen gozatu egin dugu. Hori garrantzitsua da.
Gipuzkoan bizi, Athleticengatik fitxatu eta gustuko taldea Osasuna. Nola ulertzen da hau?
Ja, ja! Ez dakit. Aita nafarra da eta ama, berriz, arabarra. Aurten, Osasuna eta Alavesen arteko derbietan iskanbila ederra izan da etxean. Nik aitaren aldera egin dut. Betidanik gustatu izan zait Osasuna. Oraindik gogoan dut Real Madridi sartu zion 0 eta 4ko hura. Urbanek sekulako partidua egin zuen eta goleatzaile nagusia bera izan zen.
Hasi al zaizu jendea sinadura eske?
Ez, ez. Lagunek zoriondu egin naute eta batzuek, adarra jotzen didate “bilbaino” esanez. Baina beti ere txantxetan.