Urola Telebista abuztuan hasiko da emititzen (039. alea)
Hasierako akordio hau urtebeterako da, froga seinalea igortzen den unetik aurrera. Abuztuan espero da seinale hau bidaltzen hastea eta etxean jaso ahal izateko gure etxeko antenak Aizpuru baserriko errepetidorera zuzendu beharko ditugu. Gure telebistetan UHFko 44. katea aurkitzea ere ezinbestekoa izango da. Antena indibidualak norberak mugi ditzake eta komunitateko antenak bideratzeko, teknikoari deitu beharko zaio.
Jendeak bere antenak Aizpuru baserrira zuzentzen dituen heinean, programazioari ekingo zaio.Hasieran, asteko albistegi bat soilik izango da, baina gero, eskualdeko gertakizun ezberdinak grabatzea espero da: Kirolak, kultur ekintzak…
Akordio honen arabera mankomunitateak milioi bat eta erdi pezetako laguntza ematen dio Legazpi 10 ekoizpen etxeari eta honek, programazioaren % 60a euskaraz eta gainerakoa gazteleraz emititzeko konpromezua hartu du.
Denborarekin, %100a euskaraz izatea espero da eta publizitate bidez errentagarria ez bada, mankomunitateak diru laguntza handiagoa emango du Pello Gonzalezen esanetan. Oraingoz, asmoa eskualde osora emititzekoa bada ere, Urretxu eta Zumarragan bakarrik ikusi ahal izango da Urola Telebista.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide