Urte honetan, ordea, Atondu sailak bere lana kaleratzea erabaki zuen. Dantza taldeekin lan egiteaz gain, jantziaren inguruan informazioa behar zuen edonori euren lanaren emaitza zabaltzeari ekin zioten.
Atonduk “jantzi zibila” deritzanaren inguruan finkatu du batik bat bere lana eta orokorrean “baserritar jantzia” deritzana garai batean nolakoa zen kontutan izanik eredu berriak sortu dituzte. Izan ere, janzteko izan dugun berezko era joan den gizaldiarekin batera galdu genuen eta Pirinioetako alderdian bakarrik gorde da. Geure zaharrak eta baserri giroan bizi zirenak izan ziren joan den gizaldiaren amaieran, janzkerari dagokionez, usarioari eutsi zioten bakarrak eta horregatik egun Olentzero, Santa Ageda , Euskal Jai eta abarretan bertako betiko janzkera erabiltzen dugunean baserritar edo amona jantzia janzten dugula esateko ohitura dugu.
Azken urte hauetan honela janzteko nahia eta beharra mantendu bada ere, askotan duintasuna galdu eta mozorro izatera heldu da. Atonduren ikerketek joan den mendera arte berezko genuen janzkera berreskuratu eta duintasuna mantendu nahi izan dute.
Ikerketa horien guztien emaitzen ondorioz 300 jantzi inguru diseinatu dituzte, bakoitza bere ezaugarri bereziekin, baina Euskal Herriko berezko janzkeraren ezaugarriak errespetatuz, noski. Urte guzti hauetan zehar Atonduri jantziaren diseinu eskaera egin diotenen artean Lourdesko Ama ikastolako zenbait irakasle ditugu. Ondoren, guraso, ikasle eta beste zenbaitek ere jantzi eskaera egin zuten.
Hitzaldiren bat antolatu edo jantziren bat diseinatzea nahi baduzue, honako hauek dira euren helbide eta telefonoak:
Ikerfolk, Atondu saila (Ane Albisu): Iparragirre, 8-2. DONOSTIA Tel.- 943 29 17 47-faxa: 943 29 13 45