Esaterik badago
esango dut garbi
bertso eskolak eman
dit lagun ugari
urte onak izan dira
nola uka hori
horregatik bihotzez
eskerrak danori.
(Juanjo Sagastibeltza)
-Bertso eskolan hasi aurretik zein zen bertsolaritzarekin zenuen harremana?
Ez nuen aparteko erlaziorik, noizean behin irratian entzuten nituen bertsoak. Soldadutzatik itzuli nintzenean, ordea, telebistan eskolarteko lehenengo txapelketa ikusi nuen, bertan Jon Sarasua eta Xabier Euskitze zirelarik, eta oso deigarria suertatu zitzaidan. Ondoren, bertso mundua gertuagotik jarraitu nahian ikastolara jo nuen, bertso saioak ikusteko taldetxo bat osatu asmoz; nire koadrilan ez zegoen euskal giro handiegirik.
-Noiz eta nola bururatu zitzaizuen bertso eskola sortzeko ideia?
Orain hamabost bat urte dagoeneko baziren hainbat bertso eskola Gipuzkoan. Martxan jartzen lehenak Arrasate eta Goierriko eskolak izan ziren eta beranduxeago, Hernani, Oiartzun eta Zumaian ere agertu ziren bertso eskolak. Kontuan hartu behar da herri bakoitzean eskolaren arduradun gisa pertsona bat egon izan dela; esate baterako, Mikel Mendizabal Goierriko bertso eskolan eta Juan Luis Dorronsoro Zumaiakoan. Guk garai hartan, Mikel Mendizabal ezagutzeko parada izan genuen. Hark, Goierriko bertso eskolaren eredua erakutsi, zenbait material utzi, eta Zumarraga-Urretxun ere antzeko zerbait sor genezakeela pentsatu genuen. Iñaki Beitia zenaren laguntza ere ezinbestekoa izan zen.
-Bertso eskolaren lehen momentu haietatik gaur egungo egoerara, desberdintasun handiak nabari al dituzu?
Bai, asko aldatu da. Bertsolaritzak berak aldaketa nabariak izan ditu azken urteetan eta era berean, bertso eskoletan ere aldakuntza nabariak izan dira. Orduko giroa, hastapenekoa, giro sanoagoa zen. Jendeak lana musu truk egiten zuen, gaur egun, ordea, hori galdu egin da. Beste hainbat alorretan bezala, kiroletan adibidez, monitoreei ordaindu egiten zaie; hau onerako eta txarrerako da. Baliabideak hobetu egin dira, baina sanotasuna galdu da.
-Bertso eskolek balio al dute bertsolari ak ateratzeko, edo berezko zerbait izatea beharrezko da?
Bertso eskoletatik bertsolariak atera izan dira. Baina, bertso eskolaren laguntzaz gain benetan ezinbestekoa dena, afizioa izatea da. Adibide garbia. Jon Maiarena dugu; bera bertso eskolako produktua da neurri handi batean, baina, bere lan pertsonala ere handia izan da bertsolari bilakatu ahal izateko. Bestalde, bertsolari gazteei astindu ederra ematea ez zait onegia iruditzen. Horiek, erreta amai dezakete.
-Zumarraga-Urretxuko gazteen artean zein maila ikusten duzu?
Kontuan izan behar da bertsolariak atera diren herrietan, lehen aipatu dugun moduan, beti izan dela pertsonaia konkreturen bat gazte horien atzetik. Hori dela eta, bertsolaritzarekin lotuagoak egon diren herrietan bertsolari gazte gehiago atera dira. Baina, guk ere gure bidetxoa egin dugu, eta bakar batzuk pasatu dira bat-batean kantatzera ere.
-Momentu honetan zenbat dira Zumarraga-Urretxuko bertso eskolan dabiltzan gazteak?
Bi talde nagusi bereiz genitzake. Batetik, 12 urte inguru dituzten hamar bat lagunek osatzen duten taldea legoke. Talde hau, Ikastolako eta Gainzuriko gazteek osatzen dute. Bat batean jarduten dutenak, aldiz, sei lagun dira: Antxon Fernandez, Nerea Elustondo, Gorka Azkarate, Gorka Ojanguren, Asier Iriondo eta Asier Otamendi. Hauek guztiak dira egindako lanaren fruituak. Esate baterako, edozein ekitaldi ospatu behar zela eta, lehen kanpora joan behar izaten zen bertsolari bila; gaur egun zulo hori gazte hauek betetzen dute.
-Zuri zeuri, zer eskaini dizu bertso eskolak?
Hasiera batean, herriz-herri bertsoak jarraitzeko koadrila bat. Ondoren eta denboraren poderioz, jendearekin harreman onak, lagun asko eta giro aproposa. Baita momentu txarren bat ere, e!
-Zer hobe liteke bertsolaritza munduan orokorrean?
Bertsolarien Elkartea aurrera doan heinean, bertsolaritza ere halaxe joango da. Bertsolaritzak, gizarteak jasan dituen aldaketak jasan izan ditu eta beraz gizartearekin batera aldatuz joan da; etorkizunean ere hala joango da.
-Nola ikusten duzu etorkizuna bertso eskolan?
Bere erritmoan, poliki-poliki, bere bidea egingo duela iruditzen zait. Bide hori egiten lagun dezaketen eta orain arte ere egin izan diren hainbat ekintza polit badira. Adibidez, Goierri eta Tolosaldeko eskolekin batera, Tolosatik Legazpi arteko elkarteei gutun bat bidali eta hauetan bertso afariak egin izan ditugu. Hau bertsolari gazteentzako ekin -tza aberasgarria gerta liteke, urtean zehar izaten ez duten aukera ematen baitie bertsotan aritzeko. Bestalde, oso garrantzitsua iruditzen zait Santa Lutzitan egiten den saioa mantentzea, hau zerbaiten adierazgarri izaten baita.
-Bertso munduarekin harreman estua izan duzun urte guztietan hauetan bildutako bitxikeriaren bat izango duzu kontatzeko…
Gogoratzen dut orain dela urte batzuk, gai jartzaile moduan aritu nintzela Agiñako festetan ospatu zen bertso saio batetan. Bertan lau bat bertsolari izango ziren, tartean Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña. Saioa hasi aurretik dagoeneko gauza harrigarri samarra gertatu zen; udaltzainak jarri behar izan zituzten trafikoa zuzentzen han bildu zen jendetza zela eta.
Baina onena saioa amaitu ondorengoa izan zen, 50 pertsona inguru bildu baikinen, bertsolariak tartean, auzoan zeuden bi tabernetan. Denak batera eta kantari. Hura, giro itzela zen, benetan sanoa. Askotan, halako herri txikietan izan ohi da girorik onena.
Bertso eskolako ikasleen agurra Juanjori:
BERTSOa zen mamia
ESKOLA azala
nork daki zenbat urte
hasi zinala
langilea, jatorra,
argia, leiala
eta bertso kantuan
etzinen makala
nahi zendun bezala
zure diosala
heldu zaigu hala
hauxe da tamala
oso goxoa baitzen
zure itzala. (bir)
Betroiarena doinua
Gaztetatikan, bertso eskolan
irakaslean papera
gero afari eta juergetan
zein adiskide itzela!
baina batipat, ikusten dugu
lagun handi bat bezela;
gaur badakigu, gu bertsolari
zuregaitikan garela
eta bertso hau neurri batean
zurea era badela.