Zer nolako harrera izan du haurtzaindegiak?
Oso harrera ona izan du, gurasoak aspalditik ari ziren haurtzaindegi bat eskatzen eta zabaldu denean igarri dugu. Momentu honetan oraindik urtebete ez duten 5 haur ditugu, urtebeteko 8 eta bi urteko 50etik gora. Kontuan izan behar da mankomunitate mailakoa dela, hau da, Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako familientzako zerbitzua dela.
Haur gehiagorentzat lekurik ba al dago?
Bai, bi urteko 60 haur, urtebeteko 16 eta hilabeteak dituzten 10 haurrentzat prestaturik dago. Gainera, aurrealdean dugun estalkiari hormak erantsi behar dizkiogu eta honela, leku gehiago izateaz gain, eguraldi ona egiten duenean kanpoaldean ere jolastu ahal izango dute haurrek.
Zenbat hezitzaile zaudete?
Momentu honetan 5 hezitzaile gaude haurrez arduratzen. Bostok arlo honetan ikasiak eta lanean arituak gara, beraz badakigu ume hauek nola hezi eta zaindu. Gainera guztiok ere jarraipena izango dugu, honela haurrak sakon ezagutu eta bakoitzaren beharrak jakin eta asetzeko aukera izango dugu.
Zeintzuk dira zehazki haurtzaindegiaren eginbehar eta helburuak?
Hasteko, gurasoei euren seme-alabak etxean bezain ondo zaintzeko aukera eskaintzen diegu: jateko eta lotarako orduak, garbitasuna… bestalde, haurtzaindegiko ateak zabalik daude gurasoentzat. Hau da, goizeko 7:30etik arratsaldeko 18:30ak arte haurtzaindegia gurasoen lan ordutegira moldatua dago. Ondo datorkienean ekar dezakete haurra eta ondoren lanak uzten badie bisita egitera etor daitezke, jaten ematera… Bestalde, estimuluetarako proiektu baten inguruan antolatuta dago. Umearen sozializazioan laguntza paregabea eskaintzen du. Izan ere, egun ume gehienek ez dute anai-arrebarik eta eskolan hasi arte ez dute gainontzeko umeekin elkar bizitzeko aukerarik. Hemen besteekin erlazionatzen eta elkarbizitzen ikasten dute.
Nolakoak izan dira lehen egun hauek?
Gu oso gustura gaude eta haurrei ere hala daudela nabaritzen zaie. Urduri ageri direnak gurasoak dira, hasieran gogorra egiten baitzaie umea etxetik kanpo uztea. Baina haurrak berehala moldatzen dira giro berrira, gurasoak etortzen direnean pixka bat aztoratzen diren arren. Hau dela eta, gurasoek gelatik gelara dauden leihoetatik haurrak zein gustura dauden ikusteko aukera dute.