Ospitalean topo egiteko aukera izan genuen halako batean, bere bihotza begiratzera zihoan. Iruditzen zait bere ajeei ez ziela jaramon handirik egiten; gizon baikorra zen, bizi nahia zuen eta eguneko ordu guztiak aprobetxatu nahi izaten zituen urteetan beste lan batzuk egiteagatik baztertu zituen zaletasun eta lanetan aritzeko. Poztu nintzen -halako albisteak poztu badezake…-, inongo sufrimendurik gabe, lasai, emazteari hitz egiten zion bitartean, ohean hil zela jakitean. “Nolako bizitza, halako heriotza”, pentsatu nuen nire artean. Eta irudipena daukat Juanjok beste mundurako bidea bakean, larritasunik gabe egin duela.
Hileta elizkizunean, erretoreak gogorarazi zigun, Juanjok esan ohi zuela, pertsona baten bizitza liburu bat bezalakoa dela, eta heriotza, liburua idazten amaitzean etortzen dela. Esaldi horrek gure liburua ekarri zidan gogora, hala nola Juanjok bere bizitzan zehar iharduera ezberdinetan idatzita utzi dituen herri honetako historia osatzen duten beste horrenbeste. Lerro hauen bitartez, Juanjok borondatetsu idatzitako pasarte horiek guztiak ekarri nahi ditut gogora, eta bide batez, Gloria, bere emazteari eman nahi dizkiot eskerrak. Juanjok bere bidea egiten lagundu zion emazte prestua izan zuela uste dut.
Pentsatu nahi dut, Juanjo, beti ere horren gertu izan zituen Gerra Zibilean hildako bizilagunen artean dagoela dagoeneko. Ziur nago besoak zabalik, haien oroimena berreskuratzeagatik eskerrak emanez hartu dutela. Horren estima handitan zituen belaunaldi hartako gizon-emakumeen artean, orain dela hirurogeita bost urteko mutil kozkor jostaria bihurtuta, aitari batzoki zaharrera laguntzen irudikatzen dut, Gernikako Arbola enparantzako zezen-plazara bandako musikarien artean ezkutuan sartzen, La Salleko fraideek antolatzen zituzten prozesio haietan desfilatzen, frontoian euskal dantzak ikasten… Nik horrela gogoratu nahi dut Juanjo, bera beti sentitu izan baitzen belaunaldi eta historia haren partaide.
Eskuminak, Juanjo, dagoeneko gure artean ez dauden eta herri honen historia egin duten urretxuar eta zumarragar xume guztiei, zuk erakutsi zenidan eta, hildakoak gure egunerokotasunean zein bizirik dauden gehienetan. Zu ere horrela egongo zara aurrerantzean gure artean.