-Noiz hasi zineten korrikan?
Gehienok 5 urte inguru daramatzagu, baina ni (Txiki) zaharragoa naiz eta beraz urte gehiago daramatzat. 21 urte nituela maratoi bat ere korritu nuen, gero korrika egiteari utzi nion eta duela urte batzuk berriro hasi nintzen. Korrikan hasi baino lehen saskibaloian jokatzen nuen.
Aitor eta biok (Jesus) 6-7 urtetan sokatiran arituak gara eta Euskadiko txapelketan ere parte hartu genuen. Sokatira utzi genuenean juerga gehiegi egiten ari ginela konturatu eta beste kirolen bat egitea erabaki genuen. Pisua hartzen ari ginen, geure burua baldartua somatzen genuen eta korrikan hasi ginen. Ni (Beni) korrikan hasi baino lehen eskubaloian aritu nintzen.
-Nola ezagutu zenuten elkar?
Beno, gehienok errepidean elkar ezagutu genuen, korrika egiten. Peio Plazaola, Karlos Mujika eta ni (Jesus) elkarrekin hasi ginen, baina besteak bakarrik. Entrenatzen ari ginela elkarrekin topo egiten genuen eta lasterketetan ere bai. Honela, lasterketari eta prestaketei buruz hitz egiten, elkar ezagutzen hasi ginen. Pixkanaka elkarrekin prestatu eta lasterketetara joaten hasi ginen. Egun 7-8 lagun inguru biltzen gara, baina lasterketetara gehiago ere joaten gara elkarrekin.
-Astean zenbat egunetan entrenatzen duzue?
Azkenaldi honetan Donostiako maratoia prestatzen ari gara eta beraz egunero joaten gara korrika egitera, baina urteko gainontzeko asteetan hiruzpalau egunez aritzen gara. Gehien entrenatzen dugun egunetan 20 kilometro egiten ditugu. Dena den, batez-beste 14-16 kilometro egin ohi ditugu. Asko aritzen gara, baina entrenamenduak zainduak dira. Santi Perezek, Diego Gartziaren prestatzaileak, taula batzuk eman dizkigu eta hauek jarraitzen ditugu. Santi ezagutu aurretik ero moduan aritzen ginen: egun batean azkar ibiltzen baginen, hurrengoan lasterrago ibili nahi genuen. Etxera hankak txikituta heltzen ginen. Geroz eta azkarrago korritu nahiak ibili ezina zekarren. Orain, berriz, gorputza zaintzeaz gain, errendimendu hobea lortzen dugu. Lehen gorputza izugarri zigortzen genuen eta honek somatu egiten zuen. Azkenean Mugitegira joan eta hamar bira eman beharrean lehenengoan jada leherturik geunden.
-Ez al da aspergarria hainbeste ordutan korrikan aritzea?
Ezagun askok gauza bera esaten digu. Nik (Aitor) ere gauza bera nion hasieran. Bakarrik ari bazara aspergarria izan daiteke, baina beste batzuekin arituz gero edo lasterketa ona eginez gero motibazio handia sortzen da.
Gero kronometrodun erloju bat erosi eta honek jada zeharo lotzen zaitu. Lehenengo urtean ez duzu hobekuntza handirik somatzen, baina hobetzen zoazen heinean ezin diozu jarraitzeari utzi. Elkarrekin ibiltzeak arinagoa egiten du entrenamendua, hizketan joan gaitezke eta honela, ez aspertzeaz gain, buruhausteak uxatzen ditugu . Hau oso garrantzitsua da, egunero ordubete baino gehiago aritu arren, ez baita hain neketsua egiten. Bestalde, askatasun handia ematen duen kirola da. Ardura bakarra geure buruarekikoa da eta marka hobetzea da helburua, lehia bera gure buruaren aurkakoa soilik da. Sokatiran genbiltzanean, gaizki arituz gero, talde osoari egiten genion kalte eta erantzukizun handia zen (Jesus).
-Baina entrenatzeko soilik ez omen zarete elkartzen…
Noski! Hilabeteak ematen ditugu maratoia prestatzen eta gero bukatutakoan bada… ospatu beharra dago. Iaz, maratoia egin ondorengo hilabetean hiru parranda egin genituen, afari eta guzti. Gainera, hainbeste zaindu ondoren, gehiago gozatzen ditugu. Arazo txiki bat izaten da: juergan gabiltzala berotu egiten gara eta apustuak egin ohi ditugu hurrengo lasterketarako. Aurtengo maratoian, ohoreaz gain, zenbait arkume ere jokoan ditugu.
-Baina maratoiaren aurretik Behobia-Donostia duzue.
Hasieran lasterketa hau korritzeko soilik prestatzen ginen eta honetarako aski zen aurreko asteetan entrenatzearekin. Ondoren beste lasterketa batzuetan hasi ginen, gero maratoiarekin, eta honek urte osoan zaintzea dakar. Dena den, inguruko korrikalarion urteko ospakizun nagusia Behobia-Donostia da. Herri mailan sustraitua dagoen lasterketa da eta ezagunak hurrengo egunean sailkapenean gure postua bilatzen aritzen dira. Gainera urteko sasoi honetan askoz ere jende gehiago aritzen da korrikan lasterketa hau prestatzeko. Lehenengo aldiz bertara joan ginenean, izugarria iruditu zitzaigun. Hamar mila pertsona elkarren ondoan korrikan hasteko prest ikusteak txunditu egin gintuen. Gainontzeko lasterketetan 200-300 pertsonak soilik parte hartzen dute eta beraz aldaketa oso handia da. Nahiz eta 20 kilometro izan, 10 kilometro dituztenak baino errazago egiten da. Behobiatik ateratzen garenetik Donostiaraino norbait ondoan dugula korrika egiten dugu eta gainera bide bazterrak ere jendez gainezka egoten dira, denak korrikalariak animatu nahian. Ikusleak ia zorabiatzen dira, hainbeste jende aurretik korrikan ikustean. Nire emaztea (Txiki) zazpi aldiz joan da ni ikustera eta oraindik ez du behin ere lortu ni ikustea.
Lasterketa hau, gainera, lehiaketa baino gehiago festa da. Euskal Herriko korrikalari ia guztiak elkartzen gara eta kanpotik ere jende asko etortzen da. Horretan iparraldekoek eta frantsesek zeresan handia dute. Lasterketa jai giroan burutzen dute, ez dute denbora kontuan hartzen eta ondo pasatzera joaten dira: mozorroturik, korrikan doazen bitartean builaka… Guk, berriz, nahiko serio hartzen dugu denbora kontua; gainera ezagun guztiek hurrengo egunean sailkapena begiratzen dutenez…
-Behobia-Donostia korritu ondoren, berriz, maratoia duzue.
Bai, gehienok iaz korritu genuen lehenengo aldiz. Nik iaz nahiko ondo egin nuen (Jesus), baina egia da oso gogorra dela. Arnasa ondo mantentzen da, baina hankak pixkanaka indarra galtzen joaten dira eta azkenean sentitu ere ez dituzu egiten. Buruarentzat ere oso gogorra da hiru ordu jarraian korrikan aritzea. Oso garrantzitsua da ondoan norbait eramatea. Nik iaz Jongu neraman ondoan, bizikletan. Edaria pasatzen zidan eta gainera animuak ematen zizkidan, txisteak kontatu… Honek burua lasaitzen laguntzen du, ez duzu hainbeste pentsatzen lasterketan eta jasangarriagoa egiten da. Nik iaz 2 ordu eta 49 minututan egin nuen maratoia (Jesus). Nik 3 ordu eta 3 minututan (Beni). Nik (Txiki) aspaldi korritu nuen maratoia, gaizki prestatua nengoen eta ez nekien maratoia korritzea zein gogorra izan zitekeen. Honelako lasterketa gogorrean garrantzitsuena arazorik gabe bukatzea da. Denbora bat egiteko entrenatzen dugu eta urtetik urtera denbora hori hobetzea da helburua, noski. Dena den, lasterketa mundu honetan baino gezurti gehiago leku gutxitan aurkitu daiteke. Lasterketa hasi aurretik denek ez dutela batere entrenatu, gaizki dabiltzala… esaten dute. Gero, lasterketa hasi eta ziztu bizian ateratzen dira. Guk uste hau lasaiago aritzeko esaten dela. Izan ere, nahiz eta lasterketa ondo prestatu egun txarra izan eta gaizki ateratzea gerta daiteke.
-Etxean ulertzen al dute zuen zaletasun hau?
Ni (Txiki) aurten gehiegitxo prestatu naiz. Bi urteko haurra dut eta orain da berarekin gozatzeko une egokia. Azkenaldi honetan lana eta entrenamendua direla eta, oso denbora gutxi izan dut berarekin egoteko. Dena den, maratoia egin ondoren lasaixeago hartuko dut korrika kontua eta familiarentzat denbora gehiago izango dut. Gure amak (Aitor eta Jesus) euria ari duen egunetan lanetik bueltatu eta korrika egitera joatea ez du oso normaltzat hartzen.