Minerologia eta paleontogiari buruzko XI. astea ospatu da Urretxun (041. alea)
Ekintza nagusiak asteburuan izan dira eta arrakasta itzela izan dute, 20.000 pertsona inguru hurbildu baitira ekintza ezberdinak ikustera. Urretxuko Kultur Etxean museoa, landutako harri bitxien bilduma eta fosil bilduma izan ditugu ikusgai. Iparragirre plazan, berriz, feria irekia izan da. Bestalde, frontoiaren kanpoaldean ekintza ezberdinak egon dira jendearen partaidetza suspertu asmoz. Honela eskalada, urre biltzaileen jokoa eta meategia izan dira; haurrek mineralogiaren munduan modu dibertigarrian hasteko aukera izan dutelarik.
Hala ere, aurtengo astearen kokagune nagusiak Urretxuko frontoia eta Garaialde Lizeoa izan dira.Frontoian 32 erakustoki izan dira ikusgai eta bertan zaletuek euren bildumako aleak saldu, erosi eta aldatzeko aukera izan dute. Honela, Euskal Herriko eta kanpoko zaletu ugari hurbildu dira, euren bildumak aberastu asmoz. Garaialde Lizeoko mineral eta fosil erakusketa oso berezia izan da. Javier Aguado antolatzailearen esanetan bertan izan ditugunak Urretxun berriz ikustea oso zaila izango da. Izan ere, 220 kiloko amatista geodak eta 180 milioi urteko 100 kiloko harri bihurtutako enborrak izan dira ikusgai.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide