Hiru hilabete zituenetik larunbat arratsaldetan pare bat orduz Legazpira joaten dira zakurrari behar bezala irakasteko. Bi zatitan banatutako saioa egiten dute: obedientzia lantzen dute alde batetik. Jabeek emandako aginduak betetzea eta gainontzeko zakurrekin arazorik gabe egotea izaten da lehen saio honen helburua. Bigarren zatian berriz agresibitatea lantzen da. Atal honetan, zakur bakoitzak bere izaera agertzen du eta era berean, lasaitzea ere lortzen da.
Nahiz eta txapelketetan ibili, mota honetako zakurrek ez dute zainketa berezirik behar. Stiffen kasuan, ile luzea duenez, noizbehinka orraztu beharra dago. Garbitu ordea, ez dute askotan garbitzen, ilearentzat, ez baita oso ona. Gainera, ez da asko zikintzen den zakur mota eta orraztearekin, nahikoa izaten da. Pentsua jaten du, elikadura orekatua delako eta ilearentzat ere hobea.
Sari ugari jaso ditu
Zortzi hilabete zituela jaso zuen lehen saria Valladoliden, nazioarteko erakusketa batean. Hamaika hilabeterekin, Donostian, nazioarteko beste erakusketa batean, Groenendael arrazako lehen zakur gazte izendatu zuten.
Hamabost, hamasei eta hamazazpi hilabete zituela, Iruñea, Valladolid, Madril eta Bilboko erakusketetan, beste sari batzuk ere izan zituen. Hamazortzi hilabeterekin, Espainiako txapeldun izateko puntu guztiak zituen eta titulua, 1997ko uztailaren 20an lortu zuen. Urte berean, abuztuan, Orleansen (Parisen) izan ziren eta bertan, aurkeztutako 100 zakurretatik 16.a izan zen.
Edertasuna baloratzen den lehiaketetara joan ohi dira. Mota honetako txapelketetan ez dago zakurrari agindurik ematerik. Pertsona batek zakurra ateratzen du eta epaileak ikus dezan, postura batean jartzen da. Zakurra geldi eta isilik egon dadin, etxekoek ez ikustea komeni izaten da eta horretarako kanpoan gelditzen dira jabeak. Zaunkak gainera zigortu egiten dira.
Nazioarteko txapelketak izaki, Europako hainbat lekuetatik aurkezten dira. Batzuk gainera, beraien nazioan irabazitako zakurrak aurkezten dira, beraz, maila garrantzitsuko lehiaketak direla garbi dago.
Zakurraren egitura baloratzen da: Muturra, hortzak, belarriak, ilea…
Epaile bakoitzak balorazio ezberdina egin dezake. Horregatik, Espainiako txapelketa irabazteko bost txapelketa irabazteaz gain, Madrilekoa ere irabazi beharra dago. Guztietan epaile ezberdina egon ohi da.
Aurrerantzean, inguruko lehiaketetan parte hartzeko asmoa dute Izar-Gainekoek, Stiffekin. Orleanasera berriz ere joatea nahi lukete, hango lehiaketa gainditzear dago eta. Zorterik onena izan dezatela.