Galeperra elkarteak 75. urteurrena ospatu du (042. alea)
Ehiza eta arrantzaren inguruan antolatu zen elkartea izanik, Hasierako araudiak bazkide guztiak arrantzale edo ehiztari izatera behartzen zituen. Hau dela eta, gutxienez federatu beharra zuten. Gaur egun baldintza hori betetzea derrigorrezkoa ez den arren, oraindik ehiza eta arrantza dira elkarte honen ezaugarri nagusia. Honela, plater tiraketak, lehiaketa ezberdinak, Pagotxetako ehiza postuen zozketa…antolatzen dituzte. Bestalde, inguruko herrietako ekintza ezberdinetan ere parte hartzen dute: Izaba ibaiko arrantza txapelketan eta Ondarruko itsaso arrantza lehiaketan kasu. Horrela, 1981ean Tomas Lekuonak, “Txapel”, bazkideak Espainiako amuarrain arrantza txapelketa irabazi zuen.
Musean ere trebeak dira nonbait Galeperra elkartekoak, 1983 eta 87an Legazpi Urretxu eta Zumarragako elkarteen arteko mus txapelketa irabazi zuten. 83an Jacinto Tejedor, Sixto Gartzia, “Lauren” Busca eta Manuel -”txorizero”- izan ziren garaileak. 87an, berriz, Joxe Agirre, Joaquin Izagirre, Jose Mari Fonseca eta Manuel Iraola.
Ehizari dagokionez, makina bat saio eginak dira. Jexux Mari Glez. de Audikana bazkideak esan digunez, garai batean Errioxa aldera joaten ziren bertako artzainek erabiltzen duten bidean ehiza egitera. Toldo handi bat eta janariak eraman eta bi aste pasatxo igarotzen zuten bertan ehizan. Urte batean sekulako elurtea izan omen zen eta bertan geratu omen ziren ez aurrera eta ez atzera eguraldiak onera egin arte.
Ehiza eta arrantzaren inguruan hamaikatxo gora behera bizitakoak dira beraz, Galeperrako kideak. Ziur urteurrena ospatzeko antolatutako bazkarian pasadizo ugari gogoratzeko parada izan zutela. Ea mendeurrenera Athleticeko-ak bezain sasoitsu heltzen zareten!!
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide