Oso zaila da jakitea. Guztiok bizitza oso baten emaitza gara. Gauza asko gara aldi berean: Azkenean, gizon bat mundu honetan. Mundu hau ikuspegi kritiko batetik begiratzen duena eta urteen poderioz gero eta kontraesan gehiagorekin aurkitzen dena. Hartu dudan aukera literaturaren bidetik joatea da. Ez da kapritxo bat, munduarekiko jarrera bat baizik.
Nola sartu zinen bide horretan?
Oso gaztetan ohartu nintzen hau zela nire bidea. Ikasten ari zarenean badakizu zein dituzun gogokoen ikasgaiak eta nire gustukoena literatura zen. Artisten bizimoduak, pentsaera, jarrerak, konpromezuak…Hunkitu egiten ninduten. Nik ere esatekoak nituela konturatu eta poemak idazten hasi nintzen Poesian aurkitu nuena Beste inon ez nuela topatzen konturatu nintzen. Lasaitasun handia eta nire burua hobeto ezagutzeko eta ulertzeko aukera ematen dit. Idazteko beharra dut eta idaztean neure buruarekin eta ondorioz bizitzarekin eta gizartearekin gustura sentitzen naiz. Ez dut pentsatu nahi idazteko aukera galduko banu zer egingo nukeen, nik uste dut gaixotu egingo nintzatekeela.
Zein ikasketa burutu zenituen grina hau bideratzeko?
Euskal filologia egiten hasi nintzen, baina ez nuen amaitu. Nik idazten ikasi nahi nuen eta ez dago horretan lagunduko dizun ikasketarik. Tristea izan zen, Unibertsitatean sartu eta laugarren ikasturtera arte literaturarik ez nuela emango jakin nuen. Artista eta idazle mundua jorratzeko beste bide bat hartu behar zela erabaki nuen. Herrian bertan hitzaldi eta errezitaldiak antolatuz, literatura unibertsitatean baino hurbilago nuela ikusi nuen. Beste idazle batzuen lanak irakurri eta bertako idazleekin harremanetan jarriz jantzi dut neure burua. Pako Aristi, Patxi Ezkiaga, Peio Zabaleta, Harkaitz Kano…eta batez ere Felix Maraña izan da gehien lagundu eta erakutsi didana. Oraindik ere neure burua hezten ari naiz eta hauek dira nire unibertsitateko partaideak.
Noiz hasi zinen prestatzen kaleratu berri duzun liburua?
Duela urte eta erdi inguru. Beti ere beldurraren inguruan mugitzen naiz. Sariak irabazten nituen, gauzak publikatzen ziren…baina ez nintzen urrutiago joaten. Pako Aristi beti zirikatzen aritzen zen, baina nik ez nuen erabakia hartzen. Azkenean Foru Aldundiak sormen literariorako beka bat eman zidan eta aitzakia horrekin poemario luze bat idazten hasi nintzen. Prestatu ondoren Pakok argitaletxeetara eraman eta bertako arduradunak aurkeztuko zizkidala esan zidan. Nik baietza eman nion, oso gustuko ditudan bakardade eta lasaitasuna utzi eta nire lana kaleratzea erabaki dut. Ibilbidea Ereinen hasi eta bukatu dugu. Baiezkoa eman ziguten bai poema bildumari bai haiek ilustratzeko proposamenari ere. Hitza bihurtu naiz eta liburuaren bitartez harreman bat sortuko da idazle eta irakurlearen artean. Biziki hunkitzeko bertutea duten pertsonekin harreman estu bat bilatzen dut.
Zein da marrazkien esan nahia eta helburua?
Poema bakoitzak bere marrazkia darama. Kontxik ideiak margotu egin ditu, batzuetan poemaren interpretazio bat eginez eta besteetan bertsio berri bat eginez. Ez da ohikoa margolaria eta idazleak liburu batean bat egitea baina nik uste dut bi espresio modu elkartzen direla eta egokia dela hau. Emaitza ederra da eta arrazoiak bistakoak dira: Bizitza elkarrekin konpartitzea erabaki genuen unetik, elkarrekin lan egitea maitasunaren ondorioa izan da.
Zein gai jorratzen ditu liburuak?
Bizitzaren bi alderdi nabarmenak biltzen ditu: Tragikotasuna eta bizitzearen zoragarria. Bi kontraesan hauen artean aurkitu ditudan tirabirak jorratzen ditut bizitza goraipatzeko. Ezezko forma asko agertzen da neure burua munduaren parean, bizitza honetan baieztatzeko. Egungo gizartearen kritika dago, gizakiaren egungo nondik norakoa salatuz, baina gizon berri bat baieztatuz. Azken finean liburuan bizitzarekiko maitasuna nagusi da. Alegia, bizitza bizi egin behar da gehiegizko erreflexioetan nahastu gabe.
Oraingo hau ere poesia lana da, zergatik ez prosa?
Erosoen sentiarazten nauen sorkuntza lana da. Askatasun handiagoa ematen dit edozein gai edozein eratara lantzeko. Indarra, samurtasuna…askatasun handiagoz adierazteko aukera ematen dit. Lehenbizi ondo idazten jakin nahi nuke, nahi dudana hitzetan esaten jakitea. Hau bizitza osoko lana izango da eta momentuz ez dut prosa egiteko behar berezirik. Ipuinak egin izan ditut neure burua horretarako gai ikusi dudanean, baina orduan ere ez nintzen oso gustura gelditu emaitzarekin.
Literatura eta arteak badute merezi duten estimazioa, zure ustez?
Nik uste ezetz. Izan ere, egun, merkatuak agintzen du, eta poesia ez da sekula honekin ondo konpondu. Baina niri honek ez nau kezkatzen, axola nauena egiten den poesia kalitatezkoa izatea da, poesiak duen ospea ez galtzea. Hartu dugun bidea gizartearen ikuspegitik porrotaren bidea da, baina norberak dituen ametsengan sinestu beharra dago. Gizarteak inposatu nahi dituen baldintzetara makurtu nahi ez duen pertsonak txori erratuak bilakatzen dira. Hauek dira nire liburuaren protagonistak, izenburuan adierazten den bezala.
Zer nolako jarrera dute instituzioek txori erratu hauekin?
Instituzioek ez dute kultura errentagarria ikusten: ez ekonomikoki, ezta bestela ere. Kulturak gauzak aldatzeko jarrera batera eraman gaitzake eta botereari ez zaio komeni. HITS-FITS taldeak 96an kulturaren zenbait esparru betetzeko proposamena aurkeztu zuen eta udalek ez ziguten kasurik egin. 96ko idatzia gure testamentua izan zen eta instituzioekin batera lana egiteko aukera galdu zen. Oraindik ere jende asko dago lanerako prest eta azpiegiturak dirulaguntzak eta udalen interesak beharrezkoak dira.
Azken lan hau euskaraz idatzi duzu, baina gazteleraz ere idatzi izan duzu.
Bi hizkuntzak ere nireak bezala sentitzen ditut, baina benetako erraztasuna lortzeko bidean egongo naiz beti. Askorentzat euskal herrian gazteleraz idaztea pekatua da, baina nik ez dut halakorik proposatzen. Hizkuntza batean zein bestean inolako aurriritzirik gabe idazten dut. Bestalde, euskal literatura egoera onean dagoela uste dut, gero eta gehiago gara euskaraz dakigunak eta euskaraz irakurri zein idazteko prestatuak gaudenak. Euskara zein euskal literaturari etorkizun handia ikusten diot. Hizkuntza maite duenak beti erabili, irakatsi, eta ondorengo belaunaldiei utziko die. Euskara gure bizitza da eta ez erabiltzea gure bizimoduari uko egitea da. Etxean jaso ditudan bi hizkuntzak euskara eta galegoa direnez etorkizunean galegoz ere idatzi nahiko nuke, asko maite dudan beste kultura bat da.
HITZEZ HITZ
Oteiza.
Eredu bat. Kultur iraultzaile baten irudia datorkit burura. Bakardadean egin du lan urte askotan.
Guggenheim.
Ekintza kultural moduan ez naiz joan eta ezta joango ere. Euskal kulturak gauza asko galdu ditu bere erruz. Gure Guggenheima Arantzazun dugu.
Atxaga.
Idazle bikaina eta hizlari bikainagoa. Euskara modernitatean lekutu eta munduko beste hizkuntzen parean jarri duen idazlea.
Pako Aristi
Bereziki maite dugun pertsona eta asko lagundu diguna. Eguneroko bizitzaren kronika hondoen islatzen duen pertsona. Euskal errealismo magikoaren aitzindaria.
Hits-fits.
Urretxu-Zumarragako kultur hondamendiari erantzuna emateko ausardia izan zuen talde bat.