Mundo Mejor ondoko Basagasti etxeen inaugurazioa (042. alea)
Lehenago Jaurlaritzatik etorritakoek eta Pello González, Urretxuko alkateak, lan bilera izan zuten Urretxuko udaletxean eta ondoren zenbait proiekturen berri eman zuten prentsaurreko baten bidez. Urretxuko udalak 28 milioi pezeta jaso behar ditu Patxi Ormazabalen sailaren eskutik eta Labeaga kaletik Basagoitiko etxeetara joango den bidea egiteko erabiliko dira.
Prentsaurrekoan alde zaharra eraberritzeko lortu den akordioaren berri ere eman zen. Honen arabera udalak alde zaharrean zenbait etxe erosi eta ondoren Eusko Jaurlaritzari emango dizkio eraberritu ditzan. Proiektuaren arabera 23 etxebizitza egingo dira eta horretarako 123 milioi pezetatako aurrekontua prestatu da.
Logela bakarreko hiru etxebizitza, bi logelatako 14 eta hiru logelatako 6 eraikiko dira Jauregi eta Nekolalde kaleak hartzen dituen lursaileko etxea bota ondoren.
Lursailaren kokapena dela eta, ezin dira garajeak eraiki, baina etxe guztiek igogailua izango dute. Datorren urteko udaberria aldera hasiko da alde zaharraren birgaitze lana.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide